• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Iritzia: Julen Zabala · EHGAMeko kidea > BAI, MARITXUA NAIZ

  • Bai, maritxua naiz
  • Berria, 2008-01-12 # Julen Zabala · EHGAMeko kidea / Erredakzioan itzulia

Urtarrilaren 3rako Kattalingorrik -gay, lesbiana eta transexualei laguntzeko Iruñeko zentroak- elkarretaratzea antolatu zuen, eraso homofobo bortitz bat salatzeko -beste bat, zoritxarrez-. Han bildu ginenok Davidi, hau da, eraso zioten gazteari elkartasuna adierazteko atsegina izan genuen, ilunabarreko eguraldi zakarrari batere kasurik egin gabe.


Egun batzuk lehenago komunikabideetan albistearen berri eman zutenean, hotzikara izugarri bat sentitu genuen. Gay, lesbiana, transexual izan edo, besterik gabe, heteronormak ezartzen duenaren aldean desberdin sentitzen garenok guri egina bezala sufritzen dugu gisa horretako zernahi eraso.


Diskriminazioaren kontra aspalditik ari garen erakundeok hasieratik argi eta garbi izan dugu inork ez lukeela sufritu behar bere izaera dela kausa -izaera sexuala eta beste zernahi motatakoa-. Baina, zoritxarrez, halaxe gertatzen da oraindik ere, aztoratzeko bezain maiz, nahiz eta gutxitan zabaltzen den horren oihartzuna.


Huskeria da lege aldetik zerbait aurreratu, gizartean onarpenak bildu eta erreferente batzuk sortu izana, benetako orduan egitura heterofaxistak ia bere hartan baldin badaude gure gizartean.


Davidek eta bera bezalako gazteek eskubide guztia dute diren bezalakoak agertzeko nahi duten tokian, nahi duten orduan eta nornahirekin. Orain, hemen, nornahi aurrean dugula, modua izan behar dugu ahotsa goratu eta beldurrik gabe esan ahal izateko: «Bai, maritxua naiz, eta zer?», «bai, bollera naiz, ezin da ala?», «bai, trans naiz, inporta al zaizu ba?».


Davidek kemen handia duela aitortu behar dugu, ez bere adinarekin jendaurrean bere izaera onartu duelako bakarrik, baita sufritu duen eraso homofoboari duintasun bete-beteaz aurre egin diolako ere: buruz buru, erasoa salatuz, komunikabideetan salatu ere, eta Kattalingorrik antolaturiko elkarretaratzean agertuz, artean zauriturik zegoela. Salatu izana bera aurrera ari garen seinale da, dudarik gabe, baina dagokion neurrian eskertu behar diogu.


Badakigu zein zaila den zernahi salaketa aurkeztea, eta are gehiago eraso heterofaxistak salatzea: homofoboak, lesbofoboak, transfoboak, (hetero)sexistak, matxistak… Eta are gehiago lekukotasunik emango duen inor ez badago. Ausardia handia behar da, dudarik gabe, norberaren eta gizartearen beldur kontaezinak gainditzeko. Baina beste biderik ez dago.


Gehiegitan bide hori ez da nahikoa, baina ezinbestekoa da erasotzaileak identifikatzeko lana eta epaiketarako bidea hasteko. Errudunak kalean ibil daitezke ezertxo ere gertatu ez balitz bezala. Zaila da konprenitzen, eta are zailago horrelako erasoek gizartean nolako alarma sortzen duten kontuan izanik -gogora ditzagun Sergi Xavier Martinen kasuko irudi izugarriak: neska gazte bati eraso zion iazko urriaren 7an, Bartzelonako tren batean-. Epaileei dei egiten diegu, horrelako kasuetan berehala erantzuna eman eta zigor zentzagarriak ezar ditzaten.


Davidi abenduaren 27an eraso zioten, «maritxu zikina» oihukatuz bat; garaitsu berean, Eliza katolikoko hierarka batzuek, nola ez, adierazpen negargarriak egin zituzten. Erasoa gertatu baino ordu batzuk lehenago, Bernardo Alvarezek adierazi zuen, Tenerifeko pulpitutik, homosexualitateak kalte egiten diela pertsonei eta gizarteari, gaitz bat dela eta homosexualen %94 bizioagatik direla homosexual, eta, gainera, adingabekoei abusuak egitea zuritu zuen: «Izan ere, deskuidatuz gero, probokatu egiten zaituzte».


Egun batzuk geroago, familia kristauaren aldeko «otoitzean» eta aita santuaren bedeinkazioarekin, beste hierarka batzuek ekin zioten. Rouco Varelak familia arloko politiken kontra egin zuen: esaterako, sexu berekoak ezkontzearen eta dibortzioa soiltzearen kontra. Horrelakoek, hark esan zuenez, «giza eskubideetan atzera egitea dakarte».


Garcia-Gascok laizismoaren kultura deitzen duena kritikatu zuen; haren esanetan, etsipena dakarren iruzur bat da, abortuaren, dibortzioaren eta «gazteen heziketa manipulatu nahi duten ideologien» bidez egina: «Demokraziaren galbidean gara». Cañizaresek, berriz, segurtatu zuen familiaren kontrako «mehatxu argiak eta eraso gogorrak» daudela, eta «gizartearen geroaren kontrako eraso larriak» direla.


Baina ez dezagun geure burua engaina. Nahiz eta badagoen horrelakoak hierarkia katolikoaren parte baten fanatismoaren erakusgarritzat hartzen duenik eta eliza baten barrenean jarrera batek baino gehiagok lekua badutela pentsatzen duenik, isiltasunak hau gogorarazten digu: entzun eta isil, baiezko biribil.


Blazquez delako baten hitzak -apezpikuen presidente eta neurritasunaren ordezkari omen-, abenduaren 30eko «otoitz» hartan esanak, argiak eta garbiak dira. «Familia kristauari izena kendu nahi diote, ustezko familia moderno batekin kontrajarriz», adierazi zuen, eta gaitzetsi egin zituen familia eredua bakarra dela ukatzen duten lege guztiak. Hauxe omen da eredu bakarra: «Ezkontzan, hau da, gizon baten eta emakume baten batasun iraunkorrean oinarriturikoa».


Argi baino argiago utzi dute homosexualitateak, esaterako emakumearen berdintasunak bezala, ez duela lekurik eliza horretan, eta katolikoen zerua -ia eliza guztiena bezala, baita ia erlijio guztiena ere- lurreko infernua dela gay, lesbiana eta transexualentzat.


Bada garaia etengabeko eraso horiek geldiarazteko. Indar aurrerakoi eta gizarte mugimendu guztiek eginahalean aritu behar dute izurrite hori betiko bukatzeko eta gizarte egiaz laikoa ezartzeko. Hierarkia katolikoaren fanatismo horrek, isiltasun konplizeak eta beste sektore ultra batzuen segidismoak, dudarik gabe, honelakoak ekartzen dituzte: homofobia, lesbofobia, transfobia, (hetero)sexismoa eta matxismoa. Eta horien fruituak irainak izaten dira, eta erasoak, eta gorrotozko krimenak.


Giza Eskubideetan, berdintasunean eta aniztasunean sinesten ez duten erakundeak, emakumea baztertzen segitzen dutenak eta homosexualitatea gaixotasuntzat hartzen dutenak mespretxatu egin behar dira gizartean, eta baztertu instituzioetan: hasteko, ezin dute finantzabide publikorik jasotzen segitu, eta ezin dute hezkuntza sisteman parte hartzen segitu.


David gazteak eraso homofobo bortitzaren inguruan izaniko jarrera eredugarriak pentsarazi egin beharko lioke gizarte guztiari. Haren lekukotasuna ikasgai ezin baliotsuagoa da, eta kontuan hartu behar dute, besteak beste Herritartasunerako Hezkuntza izeneko irakasgaian, homofobiaren gaia tratatzeko orduan. Hezkuntza sistemaren eta gizarte pedagogiaren bitartez bakarrik lortuko dugu salatutako eraso horren gisakorik ez izatea berriro.


Herritartasuna lortzeko puntukako baimen bat egongo balitz, Davidek sobran izango luke makina bat puntu. Baina, haien txatalen parafrasea eginez, orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago litzateke, hierarkia katoliko penagarri eta lotsagarri horrek herritartasuna lortzea baino.


Burua tente bizi nahi dugunok, «bai, maritxua naiz», «bai, bollera naiz» edo «bai, trans naiz» harro esateko askatasunez bizi nahi dugunok, sostengua, maitasuna eta elkartasuna adierazi nahi diogu Davidi. Hark bezala bere izaeragatik sufritzen edo sufrituko dutenek, jakin dezatela lekua badutela gure familian; Goliat heterofaxistari min egiten badio ere, gurea ere familia handi bat da, ezaugarri nagusi gisa desberdintasuna eta aniztasuna errespetatzea duen familia bat.