• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Iritzia: Laura Mintegi > SIMONE DE BEAUVOIR-EN IRAKASPENA

  • Simone de Beauvoir-en irakaspena
  • Gara, 2008-01-17 # Laura Mintegi · Idazlea

Eztabadaigarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean


Ez zaiola gustatzen, dio auzokideak, ez zaio batere gustatzen nola egiten diren orain gauzak: «lehen gehiegi aguantatzen genuen, baliteke, baina oraingo hau ere ez dago ondo», esaten du, «bikotekide batekin ezkondu, umeak egin, banatu, beste batekin elkartu eta ume gehiago egin, honi gehitu bikotekide berriaren umeak… ez dago jakiterik zein den familia nuklearra, non amaitzen den norberaren familia eta non hasten den hurkoarena; zenbat amama eduki dezake haur batek? Batzuek hiru eta lau amama dituzte, biologikoak eta bestelakoak, aitaren edo amaren bikotekide berriaren gurasoak ere aitite-amamatzat ditu. Ematen du den-dena dela behin-behinekoa dela, zati baterakoa…», eta burua gaitzespen keinuaz mugitzen du, destainaz.


Auzokidea ez da inoiz izan estuegia konbentzio sozialei dagokiela. Garai batean, egia da, ez zuen ondo ikusten ezkondu gabeko konbibentzia, baina gaur egun etxeko gazteenei esaten die proba egiteko aurretik, eta elkarbizitza ondo joanez gero, denbora izango dutela ezkontzeko aurrerago.


Auzokidea 1938an jaiotakoa da euskal herrixka batean, eta egun ia 70 urte ditu. Hogeita hamar urte lehenago, 1908an alegia, Simone de Beauvoir jaio zen Parisen.


Egia da ez dela gauza bera Parisen jaiotzea edo Euskal Herriko herrixka batean. Baina
emakumeentzako egoera, batean edo bestean, estua eta mugatzailea zen 1908an eta 1938an: formaziorako aukera gutxi, aitaren menpekoak ziren eta ezkontzarako prestatuak. Naturalki pasatzen ziren aitaren babespetik senarraren ordenupera, txintik esan gabe, gizonezkoaren autoritatea ez baitzen jartzen kolokan. Berdin Parisen edo Mungian, Marrakechen edo Cuencan. XX. mendearen hasieran inongo emakumeri ez zitzaion ezagutzen autonomia, irabazi beharra zuten.


Egunotan, Simone de Beauvoir jaio zela ehun urte bete direla, entzun behar izan dugu Simonek egindako gehiena Jean Paul-en itzalean egin zuela; honengandik ez balitz, hark ezer gutxi egingo zuela.


Eztabaidagarria da oso, Simonek ez zuela ekarpenik egin filosofian, pentsamenduan edo literaturan. Eztabaidagarria da bere teoria feminista Sartreren pentsamendu existentzialista feminismoari aplikatzea izan zela, huts-hutsean. Ez dago horrelako argumentaziorik eusterik. Baina, zalantza guztietatik kanpo gelditzen da Sartrek ez ziola ezertxo ere irakatsi Beauvoirri bizitzari dagokiola. Gizonezkoa zen aldetik, edozein modutan bizi zitekeen, ezkondurik edo soltero, konbentzional edo bohemio, bakarrik edo maitalearekin. Simonengandik espero zen, klase sozial bereko gizonarekin ezkontzea, burgeskume batzuen ama keratsua izatea, eta etxekoandre zentzudun gisa jokatzea, soilik. Patua markaturik zuen aurretik, eta ez zuen aukera handirik: bai ala bai, ziotson garaiak.


Simone de Beauvoirren irakaspen handiena ez dago bere liburuetan, baizik eta bere bizimoduan, erakutsi baitzuen posible zela egitea liburuetan idatzi zuena.

> Komunikatuak: Bizkaiko Emakume Asanblada > GURE GORPUTZEN JABE IZAN GAITEZEN: ABORTUA LIBRE DOHAN!

  • MANIFESTUA: GURE GORPUTZEN JABE IZAN GAITEZEN: ABORTUA LIBRE ETA DOHAN !
  • EHGAM-DOK, 2008-01-17 # BIZKAIKO EMAKUME ASANBLADA

Bartzelona eta Madrilgo klinika batzuen ixierak eta ustez legez kanpoko abortuak egiteagatik hainbat lagun atxilotu izanak jendartean sortu duen alarma dela eta, Erakunde Feministeen Kordinadora eta Bizkaiko Emakume Asanbladak ondorengoa


ADIERAZI NAHI DUGU


Berria emateko era alarmistari gure gaitzespena, izan ere, interpretazio interesatuei bide ematen baitie Espainian haurdunaldia nahita etetearen benetako errealitatea eta zein baldintzatan burutzen den itxuraldatzeko.


Mugimendu feministak bide luzea egin du emakumeek euren eskubideak gauzatu ahal izateko borrokan. Askotan, egia osoaren jabe direlakoan daudenen etengabeko erasoen aurrean, erabakitzeko gaitasunaren aurkako taldeak, esaterako, emakumeei euren epaiketa moralak ezarri nahi dizkietenak, horretarako txantajeak, mehatxuak eta gezurrak erabiliz. Horrexegatik da garrantzitsua informazioa era argi eta objektiboan ematea, gaia bere errealitatetik azalduko duen eran eta ez sentsazionalismotik, “jaiotzear zeudenen abortuak” (el país, 2007ko azaroak 27) eta halako titularrekin egiten den bezala.


Hau ez da nahitako haurdunaldi eteteen errealitatea Espainian. Non eta 2005ean euren haurdunaldia etetea erabaki zuten emakumeen % 88k haurdunaldiaren lehenengo 12 asteen tartean egin zuten. Gainerako % 12etatik % 2 baino ez dira 21 aste baino gehiagoko haurdunaldiak, eta ia guztiak fetuarentzako arriskuagatik egindako abortuak dira (kontuan izan behar baita arrisku hauetariko asko hogeigarren astetik aurrera baino ez direla ikusten). Datuok emakumeen erabakiei zilegitasuna kentzeko emandako informazioak ukatzen dituzte. Eta erakusten dute, gehienak ahalik eta lasterren abortatzen dutela, nahiz eta asko izan gaur egun nahi ez duen haurdunaldia nahita eten ahal izateko jartzen diren oztopoak.


Hauek hedatzen ari diren informazioetan ezkutatu nahi diren zailtasunak eta egungo legeriarekin sare publikoan normaltasunez abortatzea ez dagoela bermatua ahazten dutenak. Horregatik egiten diren abortuen % 2,9 baino ez dira egiten ospitale publikoetan eta % 97,1, berriz, zentro pribatuetan. Baina, gainera, onartutako hiru balizkoetan, sare publikora jotzeko zailtasun honek emakume asko abortatu ahal izateko erromesaldi batera behartzen ditu, hiri batetik bestera joatera, euren erkidegoan bertan edo beste batean, honek berarekin dakartzan lan, ekonomia eta psikologia mailako arazo guztiekin.


Bestalde, beharrezko da gogoraraztea gaur egungo legearekin ez dagoela eperik haurdun dagoenaren osasun fisiko edo psikologikorako arriskua baldin badago, beraz, garrantzitsua da informazioa zuhurtziaz ematea gizartean alarmarik sor ez dadin eta inplikatutako lagun guztien, profesionalen, zein emakumeen, errugabetasun-presuntziorako eskubidea bermatua izan dadin.


Zinez uste dugu emakumearen segurtasun emozionala eta fisikoa eta osasuna zaintzea beharrezkoa dela, eta, horregatik, ziur gaude nahi ez duen haurdunaldi baten gainean erabakitzeko askatasuna eta eskubidea dituela.


  • HORREGATIK, ONDORENGOA EXIJITZEN DUGU:
  • Haurdunaldiak etetea sanitate publikoan era normalizatuan burutu daitezela. Horrekin batera sexu eta erreprodukziorako eskubideen gaineko prebentziorako programa zabal eta eraginkorrak, bai eta Erkidego guztietan antisorgailu metodoak eskura izateko aukera ere.
  • Abortua despenalizatzea eta emakumeek euren gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea errespetatuko duen lege berri bat.
  • Atxilotutako guztien askatasuna eta historien konfidentzialtasuna gordea izatea.