• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Berria: Oroitzapena > ERANTZULE POLITIKOAK ARGITZEKO ESKATU DIOTE MARTXOAREN 3KO BIKTIMEK LEGEBILTZARRARI

  • Erantzule politikoak argitzeko eskatu diote Martxoaren 3ko biktimek Legebiltzarrari
  • 1976an Gasteizen izandako gertaerak argitzeko sortutako batzordean agerraldia egin du elkarteak
  • Berria, 2008-01-31 # Edurne Begiristain · Gasteiz

1976ko matxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien erantzule politikoak gizartearen aurrean zeintzuk diren argitzeko eskaera eraman du Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak Eusko Legebiltzarrean sortutako batzorde berezira. Batzordeko kideek salatu dute inork ez duela argitu sarraski haren erantzuleak zeintzuk diren, nahiz eta 32 urte pasatu diren Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehundik gora zauritu zituenetik. Hori dela eta, Gasteizko gertakariak ikertzeko sortutako batzordeari galdegin diote 1976an agintaritza eta botere karguak zituztenen erantzukizun politikoak ezarriko dituen ebazpen bat egin dezan.


Gasteizko jazoerak sakonago ikertze aldera, Legebiltzarrean sortutako batzorde bereziaren lehen saioan egin dituzte eskakizunok biktimen elkartekoek. Orain dela 32 urte izandako sarraskiaren inguruan Valentin de Foronda Historia Institutuak egindako txostena ontzat jo arren, elkartekoek iritzi diote lan horrek ez duela zehazten gertatutakoaren erantzukizun politikoak. Besteak beste, Andoni Txasko elkarteko bozeramaileak salatu du Manuel Fragak, garai hartan Gobernazioko ministroa zenak, kargu politiko batean jarraitzen duela eta ez duela azalpenik eman «izugarrikeria» harengatik. «Onartezina da oraindik jardunean egotea», adierazi du.


Nolanahi ere, elkarteko kideek ohartarazi dute ez dutela itxaropena galduko egunen batean gertakari haren arduradunak epaituen jarlekuetan ikusteko. «Justizia kontu bat da, eta senideek, lagunok eta gizarteak, oro har, lortzea espero dugu».


Martxoaren 3ko biktimen elkartearen ustez, gainera, Poliziaren oldarraldia aldez aurretik «ongi planifikatutako» ekintza bat izan zen, eta asmo argia zuen: «Sistema demokratiko baten alde borrokatzen ziren langileei eskarmentua ematea». Areago, elkarteko bozeramaileak azaldu du zalantzarik ez dutela garai hartako estatuko eta tokiko arduradun politiko eta polizial gorenen «onespena eta baimena» izan zuela Poliziaren jokabideak.


BIKTIMAK. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari galdegin diote Gasteizko gertakarietan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona guztiak -hil, zauritu edo kartzelatu zituztenak- biktimatzat har ditzan, eta Terrorismoaren Biktimenganako Elkartasunaren Legean jasotako kalte-ordain ekonomikoa jaso dezaten. Txaskoren ustetan, Espainiako Kongresuak onartutako Oroimen Historikoaren Legeak «trantsizioko» biktimak aintzat hartzen ez dituenez, Eusko Jaurlaritzak hartu beharko ditu kontuan «askatasunak berreskuratzeko eta demokrazia ezartzeko borrokan estatuaren indarkeria jasan zuten pertsona haiek guztiak».


TALDEEN IRITZIA. 1976ko martxoaren 3ko gertaerak argitzen lagunduko duen ebazpena egitea begi onez ikusi dute EAJ, EA, EB, EAB eta PSEren legebiltzar taldeetako ordezkariek -PPko ordezkariak ez du parte hartu batzordean-. Nolanahi ere, PSEko legebiltzarkide Antonio Riveraren aburuz, «oso zaila» izango da zehaztea Poliziaren jokabidea aldez aurretik planifikatua izan zen ala bat-batean hartutako erabakia izan zen. PSEko legebiltzarkideak iritzi dio Espainiako Gobernuak «esku zabal» jokatu beharko lukeela martxoaren 3ko biktimak Oroimen Historikoaren Legean tokia izan dezaten.


Rafa Larreina EAko legebiltzarkidearen ustez, ezinbestekoa litzateke Poliziaren oldarraldiaren ondorioz kalte egindako pertsona guztien zerrenda osatua egitea, Jaurlaritzako Biktimen Elkartasunerako Legeak pertsona horiek guztiak biktimatzat har ditzan.

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME NAGUSIEN SEXUALITATEA

  • Emakume nagusien sexualitatea
  • Gara, 2008-01-31 # Laura Mintegi · Idazlea

Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia


Adin ertaineko emakumeen sexualitatea ezagutzeko inkesta bidali didate Kordobatik. Lehenengo galdera adina izan da, 50-59 urte, 60-69, 70-79, 80-89 edo 90etik gora. Horri erantzutea erraza izan da. Ordutik aurrera dena izan da zalantza, baldinba, ez ote, segun eta norekin, agian noizbait, garai hartan baliteke, unearen arabera, eztakitpa…!


Galdera bakoitzarekin zalantza bera: erantzunak egiatan islatzen du sexuak sorrarazten duen kilika, edo uste/sumatzen dudana erantzuten dut, dagoeneko jakin dakidana esanez.


Nork bere buruari gezur txikiak sarri esan badizkio, une batean ez du jakiterik zer den egia eta zer egiantzekoa. Desiraren gainean constructo hutsa eraiki du, arrazionala, eta «ikasita» du bere jarrera sexuarekin, gogoratu gabe nola eragin zion sexuak lehen aldi urrunean. Ahaztu du bere jite naturala eta memorizatu ditu jokabide ikasiak, monotoniak eta harreman inposatuek metatuta. Errealitatea baino errealago bizi du buruan eraiki duen fikzioa: ez dit esaten, baina pentsatzen du; nahiz eta adierazi ez, berak ere gauza bera sentitzen du; ez zaio antzematen baina nire jokamolde hau gustatzen zaio gehien.


Genero femeninoak intentsitate handiaz bizi du desira, oraindik ez-dena, eta eroso murgiltzen da erregistro sentsorialean, definitu gabeko harremanetan, ez-berbazko lengoaian, begiraden unibertso isilean; desiraren arloan, alegia, sexualitatearen muinean.


Inkesta anonimo honetan gauza intimoak galdetzen dira (zaletasunak, praktikak, ohiturak, filiak, fobiak). Baina praktika sexuala baino gehiago, jarrera ikertu nahi dute: «zer nahi zenuke aldatu/hobetu zure oraingo harreman afektibo-sexualean? Uste al duzu egun oztoporen bat duzula zure sexualitatea bizitzeko? Zerk eragiten zaitu gehien, ziurtasun ezak, beldurrak, lotsak, zure gorputzarekiko irudiak, seme-alaben iritziak, iraganeko oroitzapenak, interes faltak, bortizkeriak, espazio egokirik ez edukitzeak, beste etapa batean egoteak, bikotekide ezak, nekeak edo sentitzeak zure bikotekideak ez zaituela nahikorik baloratzen?».


Galdera «sinpleetatik» (Heterosexuala zara? Lesbiana? Bisexuala? Besteren bat?) atoan jotzen du nahien arlora: «Bikotekide berria nahi zenuke? Gizonezkoa edo emakumea?».


Adin ertaineko emakumeek garai ezberdinak bizi izan dituzte sexualitatearekin: frankismoaren errepresioarekin hasi, 68ko ideia libertarioetatik pasa eta ondorengo destape iberikora. Dena bekatua zen garaitik pasatu ziren maitasun librera eta, azkenik, arau moralik gabeko garaira. Adinekoenak ama gazte-gazteak izan ziren; gazteenak, ordea, ama berantiarrak, profesionalak izateko presio ikaragarria pairatu baitzuten.


Sexua izan da frustrazioa eta aldarrikapena; inposaketa eta arma. Sexuaren potentzialitatea (ikus Audre Lorde) emakumeen garapenerako erabili ordez, berau suntsitzeko izan da erabilia. Eta orain inkesta batek galdetzen die: «zer gustatzen zaizu? Eta zer nahi zenuke probatu?». Ba al dago erantzunik dagoeneko?

> Berria: Argitalpenak > "GENTE DE ERRENTERIA" LIBURUAN HERRIKO 25 PERTSONAIA ELKARRIZKETATU DITUZTE

  • ‘Gente de Errenteria’ liburuan herriko 25 pertsonaia elkarrizketatu dituzte
  • Oarsoaldeko Hitza, 2008-01-31

Elisabeth Montes eta Donato Castaño kazetariek herriko 25 pertsonaia elkarrizketatu dituzte ‘Gente de Errenteria’ liburuan. “2007. urtean protagonista izan diren herritarrak aukeratu ditugu, arlo askotarikoak”, azpimarratu zuten prentsaurrekoen liburuaren egileek.


Protagonisten zerrenda

Juan Carlos Merino, Alkatea. Mikel Odriozola, Atleta. Jose Maria Muñoa, Apaiza. Mikel eta Jon Bagues, Musikariak. Sara Carracelas, Igerilaria. Mari Cruz Sanchez, Dantza irakaslea. Ainhoa Franco, Dantza ikaslea. Inaxito Albisu, Irakaslea. Josetxo Oliveri, Jone Idiazabal, Jon Kortajarena eta Kepa Oliveri, Artisau Azokaren antolatzaileak. Andoni Agirregomezkorta,Telebistako aurkezlea. Rafa Bandres, Kazetaria. Emi eta Maria del Mar, San Markos Plataformako kideak. Angel Elbedin, Kintoen afarien antolatzailea. Mikel Martin, EHGAMeko kidea. Bernarda Borda, Etorkina. Josemi Hernandez, Egunkari saltzailea. Maribel Boubeta, Alaia Elkartea. Aitziber Lopez de Etxezarreta, Landare saltzailea. Miren Zabala, Mendizalea. Jose Luis Urretabizkaia, Ahate zaindaria.