• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Berria: Bestelakoak > ERTZAINTZAREN KARGAK IZAN DIRA ZAZPI KATU GAZTETXEAREN DESALOJOAN

  • Ertzaintzaren kargak izan dira Zazpi Katu Gaztetxearen desalojoan
  • Gaztesarea, 2008-02-18

Bilboko Zazpi Katu Gaztetxea desalojatzen ari dira uneotan ertzainak eta udaltzainak. Goizeko 8:45ak aldera hasi dira desalojoarekin eta teilatuan zen gaztea jada jaitsi dute ertzainek. Gazte bat urjentzietara joan behar izan da ertzainen kargek eragindako zauriengatik.


Bilboko Alde Zaharreko Zazpi Katu Gaztetxea desalojatzen ari da uneotan polizia. Ertzaintza eta udaltzainak dabiltza bertan den gaztea kanporatzeko lanetan. Suhiltzaileak ere bertan dira. 12.45etan jeitsi dute gaztea teilatutik, dagoeneko kalean da.


Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, 8.45 aldera azaldu dira gaztetxea husteko asmoz. Ordu erdi inguru beranduago, paperekin azaldu dira eta desalojoari ekin diote. Pare bat gaztek erresistentziari ekin diote teilatura igota, azkena jada jeitsiarazi dute ertzainek.


Geroz eta jende gehiago gerturatzen ari da Solokoetxe eskailera ingurura. 100 bat gazte bildu dira dagoeneko. Ertzaintza eta udaltzaingoa Ronda kalea mozten ari dira, eta ez dute uzten jendea hurbiltzen.


Zenbait pertsona identifikatu dituzte, besteak beste argazkiak ateratzen ari zen gazte bat. Ateratako argazkiak ere ezabatu dizkiote kameratik. Kargak ere izan dira, eta gutxienez bi gazte zauritu dituzte. Hauetako batek ospitalera joan behar izan du buruan eragindako zauriaren ondorioz.


13:15

Dagoeneko ertzainek alde egin dute gaztetxe ingurutik, hala ere, Zazpi kale inguruan dabiltza oraindik. Asanblada egingo dute oraintxe auzoan, datozen egunetarako mobilizazioak zehazteko.

> Berria: Abortua > ABORTU LIBRE ETA DOAKOAREN ALDE EHUNKA PERTSONA MANIFESTATU DIRA IRUÑEAN

  • Abortu libre eta doakoaren alde ehunka pertsona manifestatu dira Iruñean
  • Apezpikuen Biltzarrak jaso ditu kontrako oihu gehienak, eta haren karikatura bat erre dute
  • Berria, 2008-02-17 # Asier Azpilikueta · Iruñea

Euskal Herriko hainbat talde feministak deituta, ehunka pertsona manifestatu ziren atzo, Iruñeko karriketan barna, abortatzeko eskubidearen alde. Aspaldiko partez, «Abortua orain, libre eta doan», «Erditu bai, erabaki ere bai», «Gure gorputza geurea da» eta gisako leloak entzun ziren Iruñean; ozen entzun ere, manifestazioak iraun bitartean ez baitziren manifestariak isildu.


Ohiko tokitik atera zen manifestazioa, baina ezohiko bidetik joan zen autobus geltokitik Gazteluko plazara. Armada etorbidea, Navas de Tolosa kalea eta Sarasate pasealekua iragan zituzten, helmugara ailegatzeko. Eta, erran bezala, etengabe joan ziren oihukatzen eta kantatzen.


Abortatzeko eskubidea. Emakumeok erabakitzen dugu zioen pankarta morea zeramaten manifestazioaren aitzinaldean, eta haien gibelean, ehunka emakume -batez ere emakumeak baitzeuden manifestazioan-. Abortu libre eta doakoaren aldekoak izan ziren oihu eta kanta gehienak. Kontrako oihuak, berriz, Apezpikuen Biltzarraren kontrakoak. «Eliza, ez sartu gure bizitzan», «Zuek, arrosariodunok, ez ukitu gure obarioak», «Kokoteraino gauzkate apezpiku harroxkoek» eta «Apezpikuen Biltzarra erretzera goaz, matxista eta patriarkala izateagatik», oihukatu zituzten, bertzeak bertze.


Espainiako Polizia eta udaltzain gutxi batzuek zaindu zuten manifestazioa. Eta ez zen aparteko arazorik izan, ez bada manifestazio erdian udaltzain batek errieta egin ziola emakume bati itsasgarriak paratzen ari zelako han eta hemen.


Gazteluko plazako kioskoaren ondoan bukatu zen martxa, eta, han, talde deitzaile guztien izenean, Miren Arangurenek eta Juana Arangurenek manifestua irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. Zutik emakume ere kantatu zuten. Eta Apezpikuen Biltzarra irudikatzen zuen karikatura bateko pankarta erre zuten ere bai.


«Hemen ezin da»
Egiaztatze batekin hasi zuten emakumeek mintzaldia. «Hemen ezin da abortatu. Hemen, osasun publikoa klase mediko atzerakoienaren plaza propioa da. Hemen, emakumeon eskubideak ez dira errespetatzen. Hemen, giza eskubideak urratu egiten dira».


«Oztopo mediko eta juridikoen lasterketatzat» jo zuten emakumeek abortua. «Zentro publikoetan ez dute egiten. Ez da doakoa. Eta, azkenean, Guardia Zibilaren eskutik emakume eta profesionalak atxilotuz amaitzen den tranpa maltzurra da».


Nafarroan «are okerragoa» da egoera, emakumeen ustez; UPNko gobernua, «PSNren laguntzaz», legearen aplikazioa trabatzen ari baita. «Osasunbideko COFESeko hiru profesionalen kontrako epaiketa latz hura egin zutenetik, Nafarroan egondako gobernu guztiek legea urratzen jarraitu dute, eta botere judizialeko edo exekutiboko ezein agintarik ez du legea betearazteko inolako esku-sartzerik egin».


1985ean onartu zuten Espainiako Abortuaren Legea « zehazki ez aplikatzeko eta ez zabaltzeko maniobrak» egin dituzte gobernu guztiek, emakumeen aburuz. «Abortua delitu gisa mantentzen segitzeak abortua mugatzen du. Eta, gainera, gero eta zailagoa da zentro publikoetan hiru baldintzapeko abortuak dohainik eta berme guztiekin egitea. Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak deuseztatu eta zapaldu dituzte, eskukada bat botoren truke eta soldata handiz hornituriko besaulki batzuen truke».


Eliza katolikoak ere jaso zuen berea emakumeen kritiketan. «Elizak, era oldarkor eta inkisitorialean, berriz ere hauteskunde agertokia estutu du, gure bizitzetan muturra sartuz, askatasunen deuseztapenerako argudioak erabiliz».


Abortatzeko eskubidearen alde kalera ateratzen segituko dutela erran zuten bukatzeko.

> Erreportajea: Apostasia > DOKTRINA KATOLIKOAREN AURKA, APOSTASIA

  • Doktrina katolikoaren aurka, apostasia
  • Gero eta herritar gehiagok uko egiten dio Eliza katolikoko kide izateari; Eliza katolikoak, apostasia onartzen du, baina oztopo ugari jartzen die eskaera egiten dutenei.
  • Berria, 2008-02-16 # Maite Asensio · Bilbo

Eliza katolikoaren ildo ofizialek gero eta sostengu ahulagoa dute gizartean. Azken urteotan, diskurtsoa arindu ordez, emakumeen, sexu bereko bikoteen eta askatasun sexualaren kontrako iritziak zorroztu dituzte, besteak beste. Hala uste dute, behintzat, apostasia eskaera egin duten ehunka lagunek. Horren bidez, Eliza katolikoaren kide izateari utzi nahi diote.


Urteetan laikotasunaren alde egin duten elkarteek eta gizarte eragileek bultzatu dute apostasia. Eliza Katolikoak egindako hainbat adierazpen «jasanezin eta onartezin» kontuan harturik, ez dute kritika soilera mugatu nahi izan. Joan den urte amaieran Hegoak Euskadiko gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteak bideratu zuen apostasia egiteko kanpaina. Oraingoan, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak abiatu du apostasia eskaerak taldean aurkezteko ekimena. Joan den igandean Bilboko San Nikolas eliza sinbolikoki itxi zuten, «lesbianen aurkakoa, matxista eta patriarkala izateagatik». Tere Maldonado asanbladako kideak dioenez, «jendaurrean adierazi nahi dugu ez gaudela ados doktrina horrekin, eta gure izenak instituzio horretatik ken ditzaten nahi dugula».


Bataiatuta dagoen edo bestelako sakramenturik egin duen pertsona orok egin dezake apostasia. Izatez, sakramentuon bidez norbere datuak Elizaren barneko hainbat dokumentutan geratzen dira; beraz, sakramenturik egin duena Eliza katolikoko kidetzat jotzen da. Apostasia eginez gero, eskaria egin duenaren datuak Eliza katolikoaren dokumetaziotik desagertzen dira, eta hango kide izateari uzten dio.


Oztopoz beteriko prozesua
Norbere datuak Eliza katolikoaren barne dokumentaziotik ezabatzeko eskaera idatziz egin behar da, eta bi lekutara bidali: sakramentuak egin direneko parrokiara eta parrokia horri dagokion apezpikutzara edo artzapezpikutzara. Izan ere, erakunde bakoitzak bere artxiboa dauka. Bi idatzi horiek nahiko izan beharko lirateke, Eliza katolikoak, berez, apostasia onartzen baitu. Hain zuzen ere, Elizako kide izateari borondatez uzteko modu bakarra da apostasia. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da.


Oztopo ugari
Elizak oztopo ugari jartzen duela salatu ohi dute apostasia egiten saiatzen direnek. Idatzizko eskaerez gain, bataio agiria aurkeztea, sakramentua burutu zuen apaizarekin hitz egitea edota elkarrizketa pertsonalak egitea eskatzen du Elizak. Traba horien guztien atzetik, Eliza katolikoaren interes ekonomikoak daudela uste du Tere Maldonadok: «Espainiako Konstituzioak dio estatua akonfesionala dela, baina kontuan hartzen dituela gizartearen sinesmen erlijiosoak, hau da, gehiengoa katolikoa dela».


Apostasia egiteko prozedura konplexua izan ohi denez, askok etsi egiten dute. Hori dela eta, apostasia taldean egiteko ekimenak ugaritu dira; hala, agiriak bilatzeaz eta datuak ezabatzeaz ardura dadin eskatu nahi diote Elizari. Hori da, hain zuzen ere, Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren asmoa: «Jende asko Elizak esaten dituen gauzekin haserre dagoela nabaritu dugu; guk bide ofizialera mugitu nahi dugu deserosotasun hori». Horretarako, eskaera inprimakiak prestatu dituzte, eta otsailaren 29ra arte bilduko ditu bere Bilboko egoitzan (Pelota kalea, 3).


«Eliza katolikoak abortoa eta eutanasia gaitzesten du. Hiesaren eragina zein den jakin arren, antisorgailuen erabilera gaitzesten du. Homosexual, lesbiana eta transexualei eraso egiten die, eta euren eskubideak garatzea galarazten du. Eliza katolikoak bere ideiak eta morala inposatu nahi dizkie herritar guztiei». Askotarikoak dira Bizkaiko Emakumeen Asanbladak Eliza katolikoari uko egiteko ematen dituen argudioak, baina Maldonadok arrazoi bat nabarmentzen du: «Autodefentsa moduko bat da. Laikotasunaren aldekook zintzo jokatu dugu, Elizak zioena gehiegi kritikatu gabe. Baina Elizak emakumeekin eta askatasun sexualarekin duen obsesioa ikusita, erabaki dugu badela garaia eraso horien aurka agertzeko».


Halere, argi uzten du fededunak errespetatzen dituztela: «Ez goaz katolikoen kontra, euren hierarkiak esandakoaz dugun ikuspuntua adieraztera baizik», nabarmendu du Maldonadok.


Apostasia egitea, legeak bermatutako eskubidea
Eliza katolikoak bere artxiboetatik datuak ezabatzeko jartzen dituen oztopoak ikusirik, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian eta Datu pertsonalak babesteko Espainiako Lege Organikoan dago apostasia egiten saiatzen diren askoren itxaropena. Izan ere,lege horrek datuak baliogabetzeko eskubidea aitortzen du. Horren arabera, Elizak ezin ditu pertsona baten datuak eduki, pertsona horrek datuok ezabatzea eskatzen badu. Agentziak Elizaren ezezkoa jaso duten apostasia eskaerak bideratzen ditu.


Apostasia egiteko eskaera bidali eta hamar egunera Eliza katolikoaren erantzuna jaso behar da. Erantzuna jasotzen ez bada, erantzuna ezezkoa baldin bada, edota Elizak apostasia egiteko trabarik jartzen badu, Datuak Babesteko Espainiako Agentziara jotzea gomendatzen dute laikotasunaren aldeko taldeek. Agentzia horrek baliogabetzeko eskubidea zaintzeko ardura hartzen du bere gain. Hortaz, datu pertsonalak babesteko legean oinarrituta, apostasia eskaera onartzera derrigortzen du Eliza Katolikoa.


Bide hori jarraituko du, hain zuzen, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak, Elizak euren eskaerak onartzen ez baditu. Tere Maldonado kideak azaldu bezala, «Eliza gure datuak ezabatzera derrigortzeko modu bakarra bada,Datuak Babesteko Espainiako Agentziara joko dugu».

> Berria: Zinemaldia > LES-GAY-TRANS ZINE PROIEKZIOAK ANTOLATU DITU BIGARRENGOZ EHGAMEK

  • Les-Gay-Trans zine proiekzioak antolatu ditu bigarrengoz EHGAMek
  • Gizartea Gaur eta etzi izango dira emanaldiak kulturgunean, 19:30ean hasita; denera, hamar film ikus ahalko dira
  • Oarsoaldeko Hitza, 2008-02-08 # Iban Iza

EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak 2. Les-Gay-Trans Zinemaldia antolatu du Errenteria-Oreretan eta Donostian, gaur hasi eta igandea bitarte. Hain zuzen, zinemaldi hau Errenteria-Oreretan hasi eta bukatuko da, Errenteria Hiria Kulturgunean, emanaldi banarekin. Bihar, aldiz, Donostian izango dira proiekzioak.


Bigarren urtez antolatu ditu zine emanaldi hauek EHGAMek, Bilbon egiten den Zinegoak-en jarraipen gisa. Bilboko Gay-Lesbo-Trans Nazioarteko Zinemaldia da Zinegoak, eta jaialdiaren bosgarren aldia orain gutxi izan zen, urtarrilaren 21etik 27ra. Hala, Zinegoak-en baitan proiektatu zituzten lanetako batzuk ikus ahal izango dira orain herrian eta Donostian.


Adibidez, gaurko emanaldian proiektatuko dituzten lan guztiak film laburrak dira. Denera, zortzi film labur. Etzi, aldiz, bi film emango dituzte kulturgunean, dokumentalak biak.


Sarrerak, gaurtik
EHGAMeko kideek OARSOALDEKO HITZAri jakinarazi diotenez, emanaldi bakoitzerako sarrerak lau euro balio du. Gaur bertan erosi ahalko dira sarrerak, kulturgunean: 10:00etatik 13:00etara goizean, eta 17:30etik aurrera arratsaldean.


Helburua

EHGAMeko kideak gustura gelditu ziren iaz, ekimenaren lehen aldiarekin. Aurtengo proiekzioetan ere ikusle dezente biltzea espero dute. «Jende guztiarentzako proiekzioak dira; baina, noski, homofoboentzako ez dira zabalik egongo ateak», adierazi dute EHGAMetik.


«Zinemaldiaren helburua da azaltzea gaur eguneko familia ereduak eta gay, lesbiana, bisexual eta transexualon errealitateari buruzko ikuspegi anitzak », erantsi dute.


Estreinaldiak Euskal Herrian
EHGAMeko kideek, halaber, proiekzioetan ikus ahal izango diren lanen «balioa» azpimarratu dute. «Film guztiek gay-les-trans edukiak lantzen dituztenez, era honetako filmak ikusteko aukera ona da; zoritxarrez, zinema komertzialetan ez dituztelako proiektatzen».


Hala, Zinegoak-en ondotik, film hauetako batzuren estreinaldia izango da Euskal Herrian. Halaber, bi euskal zuzendariren lanak ikus ahal izango dira gaur.

  • Proiekzioak

  • Gaur, ostirala 8
  • ‘Present perfect’. Zuzendaria: Mikel Rueda (Euskal Herria). Sinopsia: Present perfect-a, orainaldia iraganaren ondorioa bezala deskribatzen duen aditz forma da.
  • ‘La carta del amigo’. Zuzendaria: Jose Julian Bakedano (Euskal Herria). Sinopsia: Preso batek lagun baten gutuna jasoko du. Haien harremanaren gaineko balantzea egiten du bertan. Presoak uko egingo dio gutunari, eta entzun nahi izango lukeena ipintzen duen beste bat imaginatzen du.
  • ‘Yogurinha borova abduced by Mika’. Laburmetraia.
  • ‘Kali ma’. Zuzendaria: Somar Chainani (India). Sinopsia: Institutuko klaseko mutil eder batek indiar jatorriko gay gazte bat jipoitzen du. Erasoa jaso duen gaztearen amak mendekua hartuko du King Kong edo Godzilla moduan.
  • ‘Happenstance’. Zuzendaria: Joyce Draganosky. Sinopsia: adin ertaineko bikote batek bere semea eta honen neska-lagunaren bisita espero du. Amak, neska ikusitakoan modu arraro batean erreakzionatuko du.
  • ‘What hot guy. ¿Qué tio bueno?’. Zuzendaria: Mary Thompson (India). Sinopsia: hainbeste edatea ez da batere ona, batez ere esnatzerakoan gogora etortzen ez diren gauzak gerta daitezkeelako.
  • ‘We belong. Pertenecemos’. Zuzendaria: Dean Hamer. Sinopsia: bere ikastetxean dagoen intolerantzia eta fanatismoaren aurka egiten duen landa giroko nerabe ausarta baten istorioa kontatzen du filmak.
  • ‘Smalltown boy. Chico de pueblo’. Zuzendaria: Moby Longinotto (Erresuma Batua). Sinopsia: David 15 urteko mutiko homosexuala da, eta ez da inoiz gustura sentitu bizi den herrian. Bertakoek ez dute onartzen.

  • Etzidamu, igandea 10
  • ‘La moma’. Zuzendaria: Samuel Sebastian (Espainia). Sinopsia: Castelló hiriko transexual lesbiana baten istorioa kontatzen du.
  • ‘Fora da lei’. Zuzendaria: Leonor Areal (Portugal). Sinopsia: Teresa eta Lena Portugalgo bi emakume lesbiana dira. 2005ean ezkontzen saiatu ziren, haien herriko legeei aurka eginez.

> Elkarrizketa: Carlos Panero > "SEXU HARREMAN ESPORADIKOAK GAI HURBILA DIRA EUSKALDUNONTZAT"

  • Carlos Panera · «Ohean» Antzezlanaren Zuzendaria
  • «Sexu harreman esporadikoak gai hurbila dira euskaldunontzat»
  • Bilbon jaio zen, 1956an. Maskarada taldea zuzentzen du 1980an sortu zenetik. Hainbat sari jaso ditu eta MAX sarietarako izendatuta egon zen «Ikaro» lanagatik. «Ohean» aurkeztu digu, bi gazte ezezagunen arteko «gau bateko» sexu harremana, egoera horretan protagonistek egiten dituzten gogoeta eta konfesioak barne. «Oso gai hurbila eta ezaguna da», ziurtatu zuen Panerak.
  • Gara, 2008-02-08 # Marta Morales · Bilbo

Bi gazte ezezagunen arteko gau bateko sexu harremanaren gorabeherak aurkeztuko dizkigu Carlos Panera Maskaradako zuzendariak «Ohean» lan berrian. Antzezlana euskaraz ez dute martxora arte taularatuko (gaztelaniaz otsailaren amaieran izango da), baina aurrerapen bat eskaini dio Panerak GARAri. Argi dauka gaiaren hurbiltasuna.


Nola heldu zitzaizun istorioa?

«En la cama» film txiletarra ikusi genuen, eta antzerkian egiteko oso egokia iruditu zitzaigun, gaia ere oso hurbila zuen. Hori dela-eta, haren eskubideak erostea erabaki genuen. Sexu harreman esporadikoei buruzko filma da, ezezagun batekin oheratzeaz ari da. Oso gutxitan sakontzen dugu une intimo horietan, agian lotsa apur bat ere ematen duelako. «Ohean» lanean, gaia zuzenean planteatzen dugu, baina, aldi berean, sexu harremanetan gutaz erakusten duguna ere islatzen dugu.


Horri buruz, fisikoki biluztea barnekoa biluztea baino errazagoa dela esan duzu…

Jakina. Gure istorioan, pertsonaiak harremanetan hasten diren lehenengo unean, ez dute bestearen izena ondo kontrolatzen. Eta hori,protokolo baten zati bat da: zer erakusten diozun besteari, zer kontatzen diozun… hori norberak erabakitzen du. Euskadin, lehenengo kontaktu hori, bestea politikoki kokatzeko erabili ohi dugu: zer egunkari irakurtzen duen, zer telebista kate ikusten duen… baina guk ez dugu hori islatu lokalismoetan ez erortzeagatik.


Beraz, bizitzaren isla dugu «Ohean»?

Lehenengo momentuan bikote bat ageri da ohean, txortan egiten. Antzerkira sartzen zara eta han topatzen duzu hori, horrela, hotzean, eta oso deigarria da. Baina bestea ezagutzeko era arruntak ere badira: zein da zure izena, zure telefonoa… Egoera barregarriak, tristeak, eta batzutan, tentsioz beteak. Arrunta denari komizidadea sartzen diogu, eta oso hurbileko egiten da dena. Baina, ez dut gehiegi aurreratu nahi! Oso lotuta dago bizitzarekin. Definizioa, Bizitzaren tragikomedia izango litzateke .


Bi antzezlan ezberdin prestatu dituzue. Bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Biak independienteak. Horrek erraztu egiten al du lana?

Nire ustez askoz ere politagoa da. Antzerkikoa artisau lana da, kolektiboa, nolabait. Horrexegatik, oso prozesu ezberdinak dira biak, besteak beste, hizkuntzak ere oso ezberdinak direlako. Hala ere, bertsio biak sakontzea izan da gure aukera. Alde batetik, euskarazko bertsioan Maskaradaren hastapenetara bueltatu naiz, eta publiko euskaldunari eta euskalduntzen ari denari zuzendu diot lana. Hortaz, zabaltzea kontuan hartu behar duzu: Arriaga Antzokia bai, baina kultur etxe txikiak eta kafe antzokiak, adibidez, ere bai. Nik, zuzendaritzatik, hori osatu dut: oso bertsio hurbila, ohearen inguru bira egiten duena, ikus-entzuleengandik oso gertu, voyeur baten modura. Erdarazko bertsioan, berriz, hasteko, protagonista kubatarra izan ohi da. Eszenografia ere ez da berdina… Euskarazko bertsioan, Unai Iturriagak egin du itzulpena eta oso aportazio interesgarria izan da. Nobelista denez, istorioan dauden tenstio puntuak oso ondo diagnostikatu ditu, eta indartu. Horrek bideratzen du gure bertsioa, aktoreen arteko lana nirekin eta Unairen lana.


Matxalen de Pedro eta Aitor Beltran dira euskarazko bertsioan protagonista. Zergatik aukera hori?

Euskara ondo menderatzen duten 30 urteko aktoreak topatzea ez da erreza. Kasu honetan, libre zeudenen artean, lan sakona egiteko gaitasuna zeukatenak aurkitu behar genituen. Bi lagun aritzen dira bakarrik taula gainean, eta hori presio handia da, sexu esplizituko gauzak antzeztu behar direla ahaztu barik. Horren haritik, lan honek aktoreen lana mirestera eramango gaitu. Beltran ETBko «Goenkale» saioan ari zen, eta Matxalen «Pilotaria»n. Baina arituak dira biak. Beltranek eskola klasikoko metodoa erabiltzen du, eta, Matxalen keinuaren antzerkian ikasia da. Oso interesgarria izan da beren arteko lanaren.


Aipatu duzunez, bi aktore besterik ez dira. Zer suposatzen du horrek?
Aktore gutxiago dituzunean, lanaren konplexutasuna aktoreen antzezpenaren sakontasunean oinarritzen da. Oso astiro egin behar duzu, ia zer irudi sortzen duzun, bai kanpora begira, bai pertsonaia bakoitzak besteari zer erakusten dion. Zaila baino, lan zehatza da. Keinuen hizkuntzan islatzen da hori: `zer pentsatzen du orain’, `zer esango diot’… Ohean eta ezezagun batekin zaudela antzeztuz, zailagoa da hori guztia islatzea baina, aldi berean, arinagoa. Eta, gainera, gaia ezaguna da, hurbila.


Euskaldunak sexu harremanetan oso adituak ez direla esaten omen da…

(Barrezka) Nik ez dut uste egia denik. Kontua da itxura itxia dugula, baina horrek ez du esan nahi txortan egiten ez dugunik. Nik ezagutzen ditudan kasuetan ez, behintzat. Batak ez du bestea kentzen.


Estreinaldia martxoaren hasieran izango da, Arriaga Antzokian. Dena prest?

Baietz esango nuke. Oso pozik gaude Comeycalla Madrilgo produktorearekiko elkarlanean eta jendaurreko entseguan oso harrera ona izan dugulako. Istorioak harrera ona du. Izan ere, amerikarrek beste film bat egiteko eskubideak erosi dituzte. Hoberena, bi bertsioak ikustea da, Arriaga Antzokian, otsailaren 28an eta 29an eta martxoaren 1ean (gaztelaniaz,) eta martxoaren 2an eta 3an (euskaraz).

> Berria: Laguntza > GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALENTZAKO ARRETA ZERBITZUAREN ALDE AGERTU DA NAFARROAKO PARLAMENTUA

  • Gay eta lesbianentzako arreta zerbitzuaren alde agertu da Nafarroako Parlamentua
  • Berria, 2008-02-06 # Erredakzioa · Iruñea

Gay, lesbiana eta transexualentzat arreta zerbitzua eratzeko mozioa aurrera atera zen atzo Nafarroako Parlamentuko Gizarte Gaietarako Batzordean. Horren arabera, Legebiltzarrak Nafarroako Gobernuari eskatuko dio gay, lesbiana eta transexualentzako arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzu bat eratu dezala. Mozioan ez da zehazten zein sistemaren arabera emango den arreta hori, ez eta zein hierarkia mota izango duen.


Talde guztien babesa jaso zuen Nafarroa Baik aurkeztutako mozioak. Alderdiko legebiltzarkide Paula Kasaresek azaldu zuenez, egun gizarte ekimenak bermatzen du homosexual eta transexualek halako zerbitzuak izatea. Ordea, zerbitzu hori bermatzea Gobernuari dagokiola esan zuen.

> Berria: Laguntza > TRANSEXUAL ETA HOMOSEXUALENTZAKO ARRETA ZERBITZUA ERATZEA ADOSTU DA NAFARROAN

  • Homosexualentzako arreta zerbitzua eratzea adostu da Nafarroan
  • Nafarroako Parlamentuko gizarte gaietako batzordeak, Kattalingorri elkarteko ordezkariekin bilera egin ostean, homosexualentzako eta transexualentzako arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzua «bermatzea» onartu zuen atzo. Hala ere, adostutako mozio horretan ez zuten argi azaldu zerbitzua zein sistemaren bidez eratuko den, ezta ere zein mailako independentzia juridikoa izango duen. Proposamena Nafarroa Bai taldeak aurkeztu zuen.
  • Gara, 2008-02-06

Aurrerantzean, Nafarroan homosexualek eta transexualek aukera izanen dute arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzu publiko batera jotzeko. Hori da behintzat Nafarroako Parlamentuko gizarte gaietako batzordeak atzo aho batez onartu zuena. Era horretan, batzordeak zerbitzu publiko hori eskaintzea bermatzeko eskaera egin du, eta azken orduko aldaketarik gertatzen ez bada, osoko bilkuran onartu egingo da. Dena dela, adostutako testuan ez da argi adierazten zerbitzu hori zein sistemaren bidez ezarriko den, ezta ere zein mailako independentzia juridikoa izango duen.


Erabakia hartu baino lehen Ganberako taldeak Kattalingorri gay, lesbianen, bisexualen eta transexualen erakundeko eledunekin bildu ziren. Hain zuzen ere, NaBai izan zen bilera eskatu eta mozioa aurkeztu zuen taldea.


Komunikabideei igorritako adierazpen batean, koalizioak gogorarazi zuen joan den urtarrilean Iruñeko Donibane auzoan gertatutako eraso homofoboa, eta gisa horretako gertaeren aurrean beharrezkotzat jo zuten «neurri zehatzak proposatzea». Era berean, oroitarazi zuen Estatu espainoleko beste autonomia erkidegoetan homosexualei eta transexualei zerbitzu publikoa eskaintzen zaiela edo, behintzat, zerbitzu mota horrek laguntza publikoak jasotzen dituela, eta Nafarroan ere halako formulak aplikatzea beharrezkoa dela nabarmendu nahi izan zuen.


Zentzu horretan, NaBai-ko parlamentari Paula Kasaresek gogorarazi nahi izan zuen urte gutxi igaro direla «homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik» ezabatu zenetik, eta oroitarazi zuen oraindik orain abian jarri ohi dela «erabateko bizitza zailtzen duen diskurtso patologizatzaile hori». Horregatik, bere aburuz, «taldearen premiak» kontuan hartuz, beharrezkoa izango da Nafarroako Gobernuak homosexualentzako eta transexualentzako zerbitzu hori lehenbailehen bermatzea.


Era berean, PSNko parlamentari Javier Mozonek nabarmendu zuen zerbitzuaren helburua «jendarteko arazo bati erantzun egokia» ematea dela. Jakinarazi zuen, halaber, Kattalingorriko teknikariak adierazi zietela kasu honetan komenigarria zela kudeaketa hitzartua izatea.


UPNko Conchi Mateok, beste aldetik, argi utzi nahi izan zuen bere taldeak ez dakiela zehazki zein diren gayen, lesbianen, bisexualen eta transexualen alde egiten duen erakunde horren eskaerak, baina hala eta guztiz ere, «lankidetzarako borondatea» daukatela jakinarazi zuen.


IUNk Kattalingorrin bolondres bezala lan egiten duten pertsonak «profesionalizatzea» eskatu zuen.

> Komunikatuak: O-16 > ABORTATZEKO ESKUBIDEAREN ALDE KALERA!! EMAKUMEONA DA ERABAKIA

  • ABORTATZEKO ESKUBIDEAREN ALDE KALERA!! EMAKUMEONA DA ERABAKIA
  • EHGAM-DOK, 2008-02-06 # Otsailaren 16an Manifestazio Nazionala Iruñean


Berriz ere kalera irten eta espazio publikoa berreskuratu dugu. Aspalditik datorkigun eskubidea da, beronen defentsa gure taldeen oinarrian dago: abortua libre eta doan.
Abagune honetan, non 2.000 emakumetik goraren bizi pribatuaren aurkako eraso polizial eta errepresiboa ematen ari den. Emakumeok eskubiderik oinarrizkoena, norbanakoaren gorputza kontrolatzekoa, praktikan jartzeko pasa dira kliniketatik.


1985ean onartutako Legearen aplikazio zehatza eta hitzemandako honen moldaketa atzeratzeko gobernutik egiten ari diren maniobrak SALATZEN DITUGU. Abortua delitu bezala mantentzen jarraitzeak mugatua bihurtzen du, baina ez honek bakarrik. Hiru balizko arrazoien praktika ere, dohainik eta emakumeontzat garantia guztiekin, gero eta zailagoa da aplikatzen zentro publikoetan.


Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak ezabatu eta zapalduak izan dira eskukada bat boto eta soldata handiz hornitutako besaulki batzuengatik. Eliza katolikoak, era erasokor eta inkisitorialean, berriz ere eskenatoki elektorala estutzen du gure bizietan muturrak sartuaz, askatasunen deuseztapenerako argumentuak erabiliaz.


Ez da emakumeon eskubideak beteak izango direla ziurtatzen. Aitzitik, HNEak ez dira zentro publikoetan praktikatzen; ez da doan; oztopo mediko eta juridikoen lasterketa bat da; eta, azkenean, guardia zibilaren eskutik emakume eta profesionalak atxilotuaz amaitzen den tranpa maltzur bat izaten amaitzen du.


Basauriko epaiketa ospetsua dugu gogoan Euskal Herrian, non jendarte osoa mobilizatu eta abortuaren zatitako despenalizazioarekin amaitu zen. Diktadura frankistaren hondarrak zirela pentsatu nahi genuen. Bere ondorengoek emakumeon eskubideen aurka egiten duen jendarte kontseraboreena bere egin dutela egiaztatu da orain.


Oraindik orain, lege berriarekin ikusi dugu nola abortu gehienak klinika pribatuetan egiten diren. Zentro publikoetako analisi eta informe medikuen bide luze eta zailak emakumeak asistentzia azkar eta egokiagoaren bila zuzentzen ditu. Zentroetako profesionalen gain, berriz, botere judizial eta polizialaren mehatxu konstantea eta legea hausten ari diren etengabeko ustea dago.


Nafarroan are okerragoa da egoera. UPNren gobernua, PSN-PSOEren laguntzaz, legearen aplikazioa oztopatzen ari da eta egungo estatuko legislazioa ez du betetzen.

  • HEMEN EZIN DA ABORTATU.
  • HEMEN, OSASUNGINTZA PUBLIKOA KLASE MEDIKO ATZERAKOIENAREN PLAZA PROPIOA DA.
    HEMEN EZ DIRA EMAKUMEON ESKUBIDEAK
  • ERRESPETATZEN.
  • HEMEN GIZA ESKUBIDEAK URRATZEN DIRA.
  • EUSKAL HERRIAN EMAKUMEON EZIN DUGU GURE GORPUTZARI BURUZKO ERABAKIRIK HARTU, ABORTUA EZ DA EZ LIBREA EZ DOAN.


Ez gara isilduko. Ez gaituzte isilduko. Kalera batera eta aldarrikatzaile irten gara UPNren gobernuaren praktika legeausleak salatzeko. Gogoz kontrako haurdunaldiak gutxituko dituen sexu hezkuntza eta orientazio programen falta salatzeko. Familia harreman eredu heterosexualaren inposaketa salatzeko. Botere judiziala eta etxe zein klinika pribatuetara sartuz erabiltzaileen historia eta biziak bahitzen dituen polizia salatzeko. Ez garela promesa elektoralen bidez engainatzen utziko abisatzeko: Abortua libre eta doan orain!!!! Gu erditzen gara, guk erabakitzen.

  • abortoaren aldeko iruñeako batzordea, alsatsuko feministak, amalatz, arabako emakumeen asanblada, argitan, basauriko emakume taldea, bizkaiko emakumeen asanblada, emakume internazionalistak, ermuko asanblada,euskal herriko bilgune feminista, herne, lanbroa, medeak, ondarruko emakume taldea, plazandreok, 7menos20

> Berria: Oroitzapena > FRANKISMOKO PRESO GAY ETA LESBIANAK OMENDU DITUZTE

  • Frankismoko preso gay eta lesbianak omendu dituzte
  • Berria, 2008-02-05 # Erredakzioa · Gasteiz

1936ko gerra garaian eta frankismoan preso sartu zituzten gay, lesbiana eta transexualak omendu zituen Eusko Jaurlaritzak herenegun, Langraizko (Araba) espetxe kanpoan eginiko ekitaldi baten bidez. Pertsona horiek «heroitzat» jo zituen Javier Madrazo Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak, onartzen ez zituen erregimen bati irautea lortu zutelako.


Ekitaldian, preso homosexualen omenez Nestor Basterretxeak eginiko eskultura bat aurkeztu zuten eta garai hartako argazkiak erakutsi zituzten. Era berean, 1944an homosexuala eta errepublikanoa izateagatik espetxean izandako Juan Sotoren testigantza eman zuten, grabazio baten bidez. Sotoren esanetan, «batzuen eta besteen makila eta mespretxua» jasan zituzten preso homosexualek.


Madrazoren hitzetan, preso homosexualak «laidoztatu eta torturatu bazituzten ere, eta euren garuna aldarazteko lobotomia bezalako tratamendu medikuak egin bazizkieten ere, ez zuten pertsona horien duintasuna azpiratzea lortu».


Iñigo Lamarka EAEko arartekoa ere izan zen ekitaldian. Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari Mercedes Gallizok, berriz, idatzi bat bidaliz bat egin nahi izan zuen omenaldiarekin.

> Berria: Oroitzapena > LANGRAIZ: FRANKISMOAN SEXU JOERAGATIK JAZARRIAK OMENDUKO DITU GAUR JAURLARITZAK

  • Frankismoan sexu joeragatik jazarriak omenduko ditu gaur Jaurlaritzak
  • Berria, 2008-02-03 # Erredakzioa · Donostia

Langraizko kartzelan (Araba) omenaldia egingo dute gaur Eusko Jaurlaritzak antolatuta, frankismo garaian sexu joeragatik jazarri zituzten gizon eta emakumeak gogora ekartzeko. 1940-47 tartean, gay, lesbiana eta transexualak zirelako, preso izan zituzten hainbat pertsona espetxe horretan, eta haiek omentzeko antolatu du ekitaldia Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak.


Ekitaldia, 12:00etan hasiko da, eta bertan Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarekin batera, Espainiako Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusi Mercedes Gallizo eta EAE Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarca izango dira. Garai hartan sexu joeragatik jazarri zituzten pertsonen testigantzek lekua izango dute ekitaldian, eta gaia gertutik jarraitu duten hainbat lagun egongo dira; esate baterako, Fernando Olmeda kazetari eta idazlea; Olmedak El látigo y la pluma (Zigorraa eta luma) liburua idatzi zuen.


Kritikak ekitaldiari

Kritikak egin dituzte hainbat taldek omenaldiaren harira. Ahaztuak 1936-1977 erakundeak, esate baterako, Javier Madrazori, ekitaldi honekin, aurretik beste hainbatekin egin duen moduan, frankismoko biktimak «erabiltzea» egozten dio. Langraizko espetxean egun presoak egoera aski txarrean daudela gogorarazi du. Eta gainerakoetan ere ez daude hobeto. Zazpi preso hil ziren iaz Euskal Herriko espetxeetan, eta azken hiru urteetan guztira 27 hil dira. Azken hildakoa, Langraizen izan da, lehengo hilean.