• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Iritzia: Bilgune Feminista > TXAPELA BURUAN GIZONA MUNDUAN

  • Txapela buruan gizona munduan
  • Gara, 2008-12-08 # Iosune Irigoien Garcia / Edurne Epelde Pagola · Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak falta izan zaizkigu. Euskal kulturaz hitz egiten burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu.


Urteak aurrera joan ahala Durangoko Azokan gero eta liburu eta disko gehiagorekin egiten dugu topo. Zorionez disko eta liburu hauen egileak ez dira gizonezkoak bakarrik, pixkanaka kultur ekoizleen artean emakumezkoak ere beren tokia hartzen ari dira. Egun emakumeok irakurtzen ez dakigula eta gure garunak ez daudela kulturarako prestatuta baieztatzea astakeria handia litzateke. Baita euskal kulturaren hartzaileak gizonezkoak bakarrik direla esatea ere. Bistakoa da mendeetan emakumeok ukatu izan zaigun kultura bizi, gozatu eta sortzeko eskubidea gutxika berreskuratzen ari garela. Gainera, sistema patriarkala emakumezkoak kultur ekoizle ez izateko muga ugari jartzeaz arduratu bada ere, asko izan dira oztopo hauek gaindituz pentsalari, filosofo, idazle nahiz kulturzale izan diren emakumeak.


Egun, emakumeok gizonek adina irakurtzen dugula esan dezakegu eta gaitasuna izan arren, gure buruarengan nahiko sinesmen biltzen dugunean idaztera ere egiten dugu jauzi. Baina aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak urriak izan ditugu. Euskal kulturaz hitz egitean burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da urte luzeetan zehar ere; hedabideetan kulturaz hitz egiterakoan gizonezkoen lanak nagusitu direla behin eta berriz.


Hori horrela izatearen arrazoiak ez dira ezkutukoak. Patriarkatuak ongi moldatu du guztia emakumezkoen zapalkuntzak bere horretan iraun dezan. Gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak dira sistemaren tresna nagusi, eta eredu androzentrikoen sorrerak emakumeak itzalean mantendu gaitu. Guk jasotako ereduak hortaz, gizonezkoenak izan dira oro har, eta eredurik ezak emakumezkoak ere gizonezkoen moldeekin bat egitera bultzatu gaitu. Horregatik diogu emakumeok ikusezintasun egoeran bizi garela, nahiz eta pixkanaka hori atzean uzteko borondatea eta indar nahiko agertzen ari garen egunerokoan. Sexu bereizkeriaren ondorioz, emakumeak ez du gizonak hainbat denbora, arte adierazpenak eta sormena lantzeko, ezta espazio propioa izan edo baliabide ekonomikoak izateko aukerarik ere. Historikoki, baita gaur egun ere, emakume ezberdinek egindako lanak, idazketak… itzalean geratu dira eta ez dute merezitako aitortza jaso.


Kultur eta literatur ekoizpenean emakumeok historian zehar jasan duen diskriminazioa gainditu nahi badugu bada zer eginik. Guztion borondatea beharrezkoa izango da hau lortzeko, eta egia esan aurten Durangoko Liburu eta Disko Azoka aurkezteko erabili den kartelak ez du asko laguntzen ibilbide honetan. Gerediagak, Euskal Herriko disko eta liburu azokarik garrantzitsuenaren antolatzaile izanik, zeregin horretan funtsezko ekarpena egin dezakeelakoan gaude. Horretarako Bilgune Feministak azken lau urteetan proposamenak luzatu izan dizkiogu Gerediagari. Aurtengo martxoan ere beraiekin bildu ginen eta beren jardueraren berri eman zigutenean, bertan ikuspegi feminista txertatzeko proposamena luzatu genien.


Baina berriro ere Azokaren inguruan ateratako kartelaren bidez emakumea txapelaren atzean ezkutatu dutela uste dugu. Gizonezko ikusezina omendu nahi izan dute aurtengoan, eta tira, ideia onargarria izan daiteke, baina guztiok gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko dugun erantzukizuna kontuan hartuta eta behin eta berriz emakume erreferentzi berrien beharrean gaudela badiogu, orduan, zergatik atera dute emakumeak bazter uzten gaituen irudi bat?


Uste dugu jendartean eztabaida piztu duen kartel hau ez dela kasualitatea, ez eta huskeria ere. Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu guri kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu, nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan.


Azken asteetan Durangoko Azokako kartelaren inguruan gauza asko entzun ditugu. Horren harira, Euskal Herriko Bilgune Feminista Gerediaga elkartearekin harremanetan jarri zen bere desadostasuna adierazi eta kartela kentzeko eskatuz, baina ezezkoa jaso genuen. Jarrera ezkor honekin Euskal Herri parekide bateranzko bidean Gerediagak aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoa eman du emakumeok «ikusezintasun bikoitzera» kondenatuz.


Jendarteko beste eragile askok ere bere desadostasuna adierazi zuen, azkenean Gerediaga elkarteak emakumeoi ere erreferentzia egiten digun spota kaleratzea lortu arte. Baina, gure ustez, spot honek ez du emakumeen ikusezintasunarekin dugun arazoa konpontzen. Spot hori egoerari emandako erantzun azkar bat izan da, oinarrian dagoen arazoa konpondu gabe, alegia, emakumeok kultur ekoizpen eta kontsumoan dugun egoerari erreparatu gabe. Horregatik egun hauetan, eta urtero egiten dugun bezala, Durangoko Azokan emakumeon ikusgarritasunaren aldeko dinamika bultzatu nahi dugu.


Parekidetasuna oinarri duen Euskal Herria nahi dugu, emakumeen erreferentez josia eta sexuaren araberako oztoporik gabea. Musika eta literaturari dagokionez, emakumeok pairatzen dugun desberdintasun egoera gainditzeko eta gure parte-hartzea eragozten duten oztopoak gainditzeko garaia da. Egin dezagun ba ikusgarri begirada soilean ikusten ez den hori.


Amaitzeko, Bilgune Feministak emakume guztiak animatu nahi ditu, inoiz baino gehiago, kultur ekimen orotan parte hartzera eta egoera edota ekimen diskriminatzaileen aurrean egunero beren haserrea adieraztera.