• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Berria: Abenduak 1 > XINGOLA GORRIAK, EZ AHAZTEKO

  • Xingola gorriak, ez ahazteko
  • Hiesaren aurkako egunean zenbait jarduera egin dituzte
  • Irutxuloko Hitza, 2008-12-02

Eguraldiak ez zuen batere lagundu, eta hori dela-eta, Bulebarreko arkupeetan jarri behar izan zituzten beren mahaiak Ehgam eta Acasgi elkarteetako kideek. Eguerdian informazioa banatzen aritu ziren. Informazioaz gain, kondoiak eman zizkieten mahaira hurbildu zirenei. Eta nola ez, hiesaren aurkako egunaren ikurra, xingola gorria ere, banatu zuten. Eguraldi txarra egin bazuen ere, material asko eman zuten elkarteok. Gehituk Bretxan jarri zuen karpa eta clown-ikuskizun baten bidez hiesaz ohartarazi zituen inguru horretan zebiltzan herritarrak. Arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Egian, Teresa de Calkuta plazan.


Joan den astean hiesaren aurka atzo egin beharreko jardueren berri ematean Gehitu, Ehgam eta Acasgi elkarteetako kideek dei egin zieten erakundeei, krisiak krisi, osasun arloari bideratu beharreko dirua ez gutxitzeko. Hain zuzen ere, ildo horretatik jo zuen atzo Rafaela Romero Batzar Nagusietako presideneteak. Ikerketa lanekin eta prebentzioan eragiten duten hezkuntza programekin jarraitu behar dela nabarmendu du Romerok. GIBa -Giza Immunoeskasiaren Birusa- 700 gipuzkoarrek dutela azpimarratu du Batzar Nagusietako presidenteak eta «katastrofe hori» gelditu behar dela erantsi du.


Prebentzioa izan da aurtengo abenduaren 1aren aurreko egunetan gehien entzun den hitza. GIB birusak kutsatutakoez gain, sifili edo gonokozia kasuek gora egin izana oso kezkagarritzat jo dute, gaixotasun horiek azken finean hiesa bera ezkutatzen dutelako. Hain zuzen ere, prebentzioan eragiteko, otsailetik aurrera GIBaren froga botiketan doanegin ahal izango dela iragarri dute. Gipuzkoako sei botiketan egin ahal izango da, hain justu.

  • David Brun · Acasgi elkarteko kidea
  • «Ez dago erlaxatzerik; hiesak hor darrai»

Gehitu, Ehgam, Acasgi… Hainbat elkartetako kideak aritu ziren atzo Hiesaren inguruko informazioa, xingola gorriak eta preserbatiboak banatzen atzo. Acasgi Hiesaren Aurkako Gipuzkoako Herritar Taldea da, eta Groseko David Brun talde horretako kide da.


Hiesaren kontrako eguna kontzientziazio eguna al da?

Ez. Egun bakar batean ez dago kontzientziatzerik. Hemen gaudela esan nahi diogu jendeari, hiesa denborarekin aldatzen doan pandemia dela; egia da botikak agertu direla, baina era berean gaixotasunak botikei iskin egiten die denboraren podeioz


Hiesa duten herritarren kopuruari buruz kezkatzeko moduko datuak eman dituzue elkarteek.
Mundu guztiak du informazioa, baina gero… Hiesak ez du eragina bakarrik garapen bidean dauden herrialdeetan.


Zer aholku emango zenieke herritarrei?

Ez dezatela pentsa bereziak direla eta gaixotasuna ezin dela haiengana iritsi. 25 urte dira hiesa agertu zela eta denboraren poderioz, batez ere hedabideetan etengabe ez dagoelako hainbatek ez dio beldurrik; hala ere, arriskuak bere horretan darrai. Ez dago erlaxatzerik.

> Komunikatua: CESIDA > GIBAREKIN ETA HIESAREKIN BIZI DIREN PERTSONEN GIZA ESKUBIDEEN ERRESPETUAREN ALDE

  • HIESAREN NAZIOARTEKO EGUNA MANIFESTUA
  • GIBarekin ETA HIESarekin BIZI DIREN PERTSONEN GIZA ESKUBIDEEN ERRESPETUAREN ALDE, DISKRIMAZIOAREN ETA ESTIGMATIZATZEAREN AURKA
  • CESIDA, 2008-12-01 # GIB/HIESaren ESTATU KOORDINAKUNDEA

Aurten GIBaren eta HIESaren inguruko mobilizazio globalaren 20. urteurrena ospatzen da. 1988tik, abenduaren lehen egunean mundu mailan agertzen gara eta gure indarrak batzen ditugu GIBaren inguruko arazoak ikus arazteko asmoz. CESIDAko kide garen 70 elkarteek argi utzi nahi dugu, beste urte batez, beste behin, GIBaren arazoak guztioi modu berean eragiten gaituela, gure orientazio sexuala, gizarte baldintzak, etnia edo bizitza estiloa kontuan hartu gabe.


Hala ere, populazioaren sektore batzuk dituzten baldintzek GIBaren aurrean zaurgarriagoak diren testuinguru batera daramatza. Emakumeak, etorkinak, beste gizon batzuekin sexu harremanak dituzten gizonak, transexualak eta askatasun kendu dieten pertsonek arreta berezia behar duten egoerei aurre egin behar diete.


Arlo horretan bertan, gazteriak heziketa afektibo sexualean gabezia dituen eszenatoki bati aurre egin behar diote, horregatik eskatzen dugu Legea zentzu horretan betetzea, premiazko gizarte beharrizan bat delako.


Azken hamarkadan HIESa duten kasuetan eta diagnosi berrietan pixkanakako beherakada izan badugu ere, ehuneko handi baten berantiarrak izaten jarraitzen dute, eta babesik gabeko harreman heterosexualek estatuko diagnosi berrien ia %50ekoa da. Transmititu daitezkeen beste infekzio batzuek gora egin dute eta beste gizon batzuekin sexu harremanak dituzte gizonen kasua eta etorkinen komunitatea oso kaltetua dauden sektoreak izaten jarraitzen dute.


Gaur gure ahotsak eta gure presentzia batzen ditugu gure estatuan osasun arreta eta prebentzioaren ekitatearen printzipioaren inguruan; aho bete hortz ikusten baitugu pertsonak ezberdin tratatzen dituztela bizi diren Erkidegoaren arabera, eta baita GIBaren inguruan lan egiten duten taldeek ere beraien medioak murriztuta eta prestazioak gutxituta ikusten dituztela, egoera horien aurrean hitz egiteko espaziorik aurkitu gabe.


Gaur hemen gaude premiazkoa delako gure gizarteko emakumeen beharrizanei erantzungo dieten ekintza ezberdinak aurrera eramatea , GIBak modu zehatzean eragiten baitie eta beraien egoera kontuan hartzea ezinbestekoa delako genero ikuspegitik diseinatuko diren estrategiak garatzeko. Gogoan izan behar dugu emakumeak zaurgarriagoak direla GIBaren inguruan, gizarte patriarkal bat inposatzearen testuinguruan bere gorputzean eta osasunean eragina duten erabakiengan historikoki izan duten kontrol ezaren ondorio bezala.


Gaur askatasuna kendu dieten pertsonen bazterketa-egoera azpimarratu nahiko genuke, beraien egoera zehatzak alternatiba berrien aurrean desabantailan egotea baitakar, batzuetan errealitatearekin kontzientziatuta ez dagoen sistema baten menpean egotera eramaten dituztenak. Organismo publikoen koordinazioa ezinbestekoa da eta hala eskatzen dugu.


Gaur GIBa duten pertsonek jasan behar duten estigmatizazio eta diskriminazioarekin bukatzeko beharrizana argi utzi nahi dugu, beraien bizitzak GIBaren inguruan birplanteatzen dituzten pertsonen kasua, indiferentziak eta mesprezuak eragindako tratu txarren biktima ez izateko. Diskriminazioa abusu eta injustizia ekintza bat da aukera berdintasunaren eskubidea urratzen duena, GIBa duten pertsonena eta pertsona horienganakoa, eta horrelako jarrerak ezin dira gizarte demokrata baten Onartu. Beraien beldur propioen biktima, alternatiba ikusgaitzak bihurtzea da, beraien osasun egoeran modu ezkorrean eta nabarmenean eragiten duena. Espazio komun honetatik gure mezua populazio guztiari helarazi nahi diogu, inoiz baino gehiago, GIBa edo HIESa duten pertsonak gizartean parte hartze osoa dutela ikusi egin behar dela ulertzen baitugu, gaur egungo errealitatea aldatzeko ezinbestekoak baitira.


GIBaren inguruan lan egiten dugun entitateek egoera hori aldatzen saiatzen gara, pertsonei beraien gizarteratzea ahalbidetzeko baliabide eta tresnak eskaintzen dizkieten ekintza zehatzak burutuz, arlo legalean ere babesa ematen zaie, medioak, ezagutzak eta aholkuak emanez. Modu berean, beraien egoerei aurre egiteko pertsonak enpoderatzen saiatzen gara, baina beharrezkoa da erantzun sendo eta global bat, orokorrean populazioaren mitoak eraistera zuzendutakoa, eta erantzun hori Administrazio Publikotik etorri behar da.


Instituzio publikoen laguntza eskatzen dugu, estatu mailakoan zein erkidego mailakoak ere, gure lan eta esfortzuan modu egokian eragingo duen koordinazio eraginkorragoa beharrezkoa ikusten dugu. Horregatik beharrezkoa da botere publikoek ez ahaztea, osasun arreta eta aurrerapen zientifikoen arloan egin diren aurrerapenak eta joan den denbora igarota ere, oraindik egiteko asko geratzen dela.

Gaur helburu komun batzuen alde lan egiteko deialdia luzatzen dugu, Giza Eskubideen markoan emango den berdintasunezko gizartea garatzeko beharrezkoak diren baldintzak ekarriko dituzten helburuak, GIBarekin eta HIESarekin bizi diren pertsonen lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dituzten helburuak. Baina horrek ez du zentzurik eskemak aldatzen ez badira eta estereotipoak suntsitzen ez badira, GIBaren aurrean ezberdintasuna jarrerak markatzen duela uste baitugu.

> Berria: Hiesa > HIESA DUTEN 1.058 GAIXO ARTATZEN ARI DIRA NAFARROAN, ETA AURTEN BESTE 19 KASU IZAN DIRA

  • Hiesa duten 1.058 gaixo artatzen ari dira Nafarroan, eta aurten beste 19 kasu izan dira
  • Arrisku harremanen bat izan duen edonork birusa atzemateko proba berehala egiteko deia egin dute
  • Berria, 2007-12-01 # Erredakzioa · Iruñea

Hiesa Nafarroan «egonkortuta» dago. Hala adierazi zuen atzo Julio Solak, Nafarroako Ospitaleko infekzio gaixotasunen zerbitzuko buruak. Ospitale horretan artatzen dituzte Nafarroako hiesa gaixoak. Aurten, beste 19 kasu atzeman dituzte; aurreko urteetan antzeko zenbakiak izan ziren. Eta aurten, sei pertsona hil dira hiesa dela eta; 1994. urtean, adibidez, 62 pertsona hil ziren.


Egun, hiesak jotako 1.058 gaixo daude Nafarroan. Horietatik, 755ek jasotzen dute erretrobirusaren aurkako tratamendua. Julio Solak kutsatu berrien inguruko zenbait datu eman zituen, eta esplikatu zuen 2005eko erdialdetik gaur egun arte kutsatu diren 91 pertsonen erdia baino gehiago etorkinak zirela. Lau gaixoetatik hiru gizonezkoak dira. Azkenik, datuei dagokienez, Solak azpimarratu nahi izan zuen aurten ez dela haur jaioberririk kutsatu.


Kutsatzeko moduetan aldaketa izaten ari da: azken urteetako kasuetan gaixoak ohi baino zaharragoak dira, eta sexu bidez kutsatu dira. Dena dela, gaixo guztien artean, %67 xiringen bidez kutsatu ziren. Xiringei dagokienez, Nafarroako Botikarien Elkargoak atzo jakinarazi zuen 2006. urtean, 13.026 xiringa berri trukatu zituztela xiringa erabilien ordez. Eta hiesaren aurkako 37.808 kit eman zituzten.


Gaixoen tratamenduari dagokionez, Julio Solak erran zuen erretrobirusaren aurkako botikei esker gaixoen bizitza kalitatea «bertze hiritarren ia berdina» dela. Eta prebentzio neurriez adierazi zuen «betikoak» izaten segitzen dutela: «abstinentzia, fideltasuna eta preserbatiboa».


Kontzientziazioaren beharra
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiesa duten 185 kasu berri atzeman zituzten iaz, eta uste dute aurten 150 inguru izanen direla. Jesus Estonba Gehituko kideak atzo adierazi zuen kontzientziazioa behar-beharrezkoa dela GIBaren detekzio berantiarrari aurre egite aldera.


«Birusarekin kutsatzen direnen %40ek ez dakite 5 eta 10 urte artean daramatzatela birusarekin», erran zuen Estonbak. «Eta diagnostikatzen dietenean, tratamenduaren eraginkortasuna txikiagoa da». Hori dela eta, hiesaren aurkako Gipuzkoako elkarte hiritarreko kide Asier Lekuonak dei egin zuen arrisku harremanen bat izan duen edonork GIB atzemateko proba egin dezan, lehenbailehen. Merkatuan badago ordu laurden batean birusa dagoen ala ez dioen proba. Gainera, Lekuonak salatu zuen birusa dutenek ezin dituztela zenbait herri bisitatu edo hipoteka bat sinatu.

> Komunikatuak: CESIDA > GIB+ DUINTASUNA, ELKARTASUNA ETA KONPROMISOA

  • GIB+ DUINTASUNA, ELKARTASUNA ETA KONPROMISOA
  • Hiesak/GIBak jotako pertsonen Oinarrizko Eskubideekiko Duintasuna, Elkartasuna eta Konpromisoaren alde
  • EHGAM-DOK, 2007-12-01 # CESIDA

Hiesaren Mundu Eguna berriro ospatuko dugu; 25 milioi pertsona baino gehiago hil eta 40 milioi pertsonari baino gehiagori eragiten dien 26 urte luzeko pandemia baten historia da, garatzeko bidean dauden herrialdeen errealitate sozial eta demografikoa bereziki eraldatu duena.


Tratamenduetan izandako aurrerapausoak mugarri bat dira mendebaldeko gizartean, horren froga dira bizi-kalitate eta bizi-iraupen handiagoak eta gaixotasunaren garapenaren atzerapena osasun artapen eta eskuragarritasun egokiak dauden lekuetan. Paradoxikoki, tratamendu hauek eskuratzeko ezintasunak handiagotzen du lehen munduko eta hirugarren munduko gizarteen arteko ezberdintasuna. Hiesak Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetako bizi-itxaropenari eragiten dio, bertan biztanleriaren % 20 inguru kutsatuta baitago. Hiesaren ondorioz gertatzen diren 10 heriotzatik 7 lurralde honetan gertatzen dira, bertan tratamendua behar duten 5 pertsonatik batek bakarrik jasotzen duelako.


Tratamenduei esker hilkortasuna gutxitu dela egia bada ere, estatuan urtero 3.500 infekzio berri baino gehiago ematen direla kalkulatzen da, eta sexu bidezko transmisiozko infekzioak gora egiten dute, sexu jarduera seguruei buruzko adierazle kezkagarri bat. Urtean GIBa duten 1.500 pertsona inguru hiltzen dira, kausa nagusia hutsegite hepatikoa izanik. Hau gertatzen da kolektibo honek pairatzen duen C hepatitisaren birusaren infekzio tasa altuagatik eta hepatitis horrek duen garapen okerragoagatik.


Egungo egoerari, eta guztion harridurarako, diskriminazioak eta gaitzespenak jarraitzen dutela adierazten duten ikerketak gehitzen zaizkio. Gaixotasun honi buruz nabarmentzeko ezaugarririk baldin badago, berarekin daramatzan estigma eta aurreiritzia dira, neskato eta mutiko, emakume eta gizonen arteko diskriminazio sistematikoa sorraraziz.


Honek ezkutatzea sortzen du, eta pertsonen osasun egoerari negatiboki eragiten dio. Aurreiritziak eta beldurrak diagnosiaren atzerapenean ezinbestean eragin dezakete, eta infekzioaren hedapena ahalbidetzen dute. Ikasgaia ez da berria, mendeak dauzka, baina badirudi ez dugula gure iraganetik ikasten. Oro har, ageriko agertu diren pertsonen esperientzia positiboa izan da, eta honek adore handia eskatzen duen beharrezko gizarte aldaketa sustatzen du.


Tamalez, GIBaren eramaile izateak arazo larria izaten jarraitzen du lana lortzeko, askatasunez batetik bestera ibiltzeko, etxebizitza duina eta baliabide publikoak eskuratzeko, egoera are larriagotzen da arraza, jatorria, sexua edo bizimodua direla-eta egoera ahulagoan dauden pertsonak badira. Etorkinek, homosexualek, transexualek, presoek edo prostituzioan aritzen direnek, drogazaleek, pobreziaren menpe daudenek holako egoerak bizitzen dituzte.


Diskriminazio egoerak oraindik larriagoak dira emakumeen kasuan; GIBaren emakumezko eramailea izateak estigmatizazio, baztertze eta diskriminazio espezifiko egoerak piztu ditzake.


Nahiz azken urteotan eta GIB/Hies arloan Administrazio Publikoen laguntza ekonomikoa gehitu eta ekintza zehatzak hastea edo jarraitzea ahalbidetu, argi eta garbi dago oraindik ez dela nahikoa. Beharrezkoa da hura gehitzea, baita beharrezko bitartekoak sortzea edo berraztertzea ere, norabide honetako politikak eraginkorragoak eta espezifikoagoak izan daitezen gizartearen aurrean gaixotasunaren normalizazioa bideratzerakoan, GIBa duten pertsonek tratu ezberdinik ez jasateko, nahi den eta justizia sozialari begira beharrezkoa den gizarte aldaketa burutzen ezinbestean laguntzeko.


Egoera honek gizarteari eta bere arduradun politikoei mezu bat bidaltzeko eskatzen digu, non zera aldarrikatzen dugun:


  1. Osasunerako Heziketa eta Heziketa Afektibo-Sexuala eskola arloan Prebentzioko lehentasun gisa. Hezkuntza aldaketarako oinarrizko tresna da, hala nola, aurreiritziak desegiteko.
  2. Ezberdintasunik gabeko osasun artapenerako eskubidea, eta horretarako Osasun Sistemaren Kohesiorako Legea eraginkorra izatea, emakume eta gizon bakoitzaren beharrei egokitua, bizi den tokian bizi dela, emakumeen berezitasunetan eta baldintza berdintasunean arreta espezializatua jasotzeko euren eskubidean arreta jartzea; organo solidoen transplante beharra duten GIBdunek edota hepatitisaren birusak ere jota daudenek edozein hiritarrek bezala eskuragarri izan dezatela eta ezarritako protokoloak betetzea; GIBdunen aitatasun eta amatasun eskubidea eta laguntza bidezko ugalketarako eskubidea; lipodistrofia edo lipoatrofia kasuetarako kirurgia konpontzailea berdintasunez behar dutenei ailegatu dakien beharrezko mekanismoak eskuratzea eta eskaintzea.
  3. GIBa duten presontzat baldintza berdintasuna berariazko artapena jasotzerakoan: askatasuna ez edukitzeak ezin dio Osasun Sistema eskura izateko eskubideari kalte egin, gainera, euren gizarte edo osasun egoerak hala eskatzen badu, Kotizazio Gabeko Pentsioen prestazioak edo Gizarteratzeko Gutxieneko Errenta jasotzeko eskubidea errespetatu behar zaie.
  4. GIBa duten pertsonek lan egiteko eskubidea eta trebakuntza duina jasotzeko eskubidea daukate, euren behar eta interesei egokitua, euren egoeragatik estigmatizatuak eta baztertuak izan gabe. Horretarako, GIBak eragindako infekzioaren kalifikazioa aldatzea eskatzen dugu, “infekzio kutsakortzat” hartzetik “infekzio hedakortzat” hartzera igaro dadin. Hizkuntzari eta hitzei ematen diegun erabilera ez da hutsala, eta “infekzio kutsakorra” bezalako terminoen erabilerak oraindik gizarte artapeneko baliabideen eskuragarritasuna ukatzen du, oinarrizko eskubideak ageri-agerian eta behin eta berriro urratuz.
  5. Etorkinei bideraturiko politiken hobekuntza eta berrikuspena, prebentzio eta artapen arloan sartzea zaila duen kolektibotzat jotzen da, euren beharrak eta lehentasunak gehiago ezagutzen saiatzea eta protagonista diren ekintzetan hasieratik partaide egitea.
  6. Sentsibilizazio eta prebentzio publizitate-kanpainak sustatzea, gizarteari masiboki eragiten dioten beste gaixotasun batzuetan bezain sendoak eta aldizkakoak, arlo honetan lan egiten dugun erakundeak kontutan hartuta. Antzemandako bazterkeria soziala errotik ateratzen saiatzeko ekintza oso garrantzitsua litzatekeela uste dugu.
  7. Gaurkoa bezalako egun batean ez ditugu leku kaltetuenak ahazten, hots, pandemiak triskantzak egiten dituen lekuak eta osasun zerbitzuak eta tratamenduak eskuratzeak, kasu batzuetan, kimera bat izaten jarraitzen duen lekuak. Herrialde hauen alde Administrazio Publikoek egiten duten lana babesten dugu, eta ahaztu ez dadin saiatzen gara.
  8. GIBak eragindako infekzioaren diagnosi goiztiarra sustatzeko garrantzia adierazten dugu, tratamenduen eskuragarritasuna errazteko modua delako eta nork bere prebentzio estrategia eraginkorrak garatzea ahalbidetzeko tresna delako. Era berean, giza papilomako birusaren diagnosi goiztiarraren eskuragarritasuna ahalbidetzeko garrantzia azpimarratzen dugu, bai emakumeentzat, bai gizonentzat.
  9. Alderdi politiko guztiei, Estatuko, Autonomiako eta Tokian Tokiko Administrazio Publikoen arduradunei, ezberdintasun ideologikoen gainetik euren ahaleginak batzeko eskatzen diegu, euren lan plangintzetan estigma eta bazterkeria errotik ateratzeko estrategia zehatzak jorratu ditzatela eta GIB/Hiesak jotako pertsonentzako tratu egokiaren alde lan egin dezatela lan mundua eta osasuna bezalako arloetan, hauetan halako jarrerak gehiago islatzen baitira.

GIBdunen oinarrizko eskubideen babes eta prebentziorako herritar mugimenduaren lidergoa aldarrikatuz bukatzen dugu agiri hau, 2007ko kanpainan ONUSIDAk ezarritakoaren ildotik. GIB/Hiesaren arloan lan egiten dugun erakundeak prest gaude GIBdunentzat mesedegarria den lanarekin jarraitzeko, baita Duintasun, Elkartasun eta Konpromiso handiagoak aldarrikatzeko ere.


“GIBaren izurritetik jaso dugun ikasbide nagusienetariko bat da ezin dugula espero pertsonek, nahiz eta GIBa zabaltzeko moduak ezagutu, euren jokabiderik intimoena aldatzea euren burua eta besteak GIBetik babesteko. Era berean, ezin dugu espero GIBak jotako pertsonak duintasun, erruki edo errespetuz tratatuak izatea. Orain badakigu gehienbat alderantzizkoa dela, pertsonak trebatu eta lagundu behar ditugula izurritearen testuinguruan, bai birus bitarteko infekziotik edo berari lotutako estigma eta bazterkeriatik, bai Hiesari loturiko gaixotasun bat pairatzeko ondorio larrietatik euren burua eta besteak babestu ahal izan ditzaten.” Peter Piot Doktorea, ONUSIDAko Zuzendari Exekutiboa, 2006ko uztaila.

> Laburrak: Ekitaldiak > HIESARI BURUZKO SOLASALDIA EHGAM-EKIN

  • Hiesari buruzko solasaldia
  • Goierriko Hitza, 2007-11-30

Hiesaren nazioarteko egunaren atarian, gai honi buruzko ikusentzunezkoa eta hitzaldia izango dira ostiral arratsaldeko 19:00etan, Itsasondoko gazte lokalean. Aurrena, Vulnerables filma ikusiko dute; ondoren, EHGAMeko bi kiderekin solasaldia izango da.

> Berria: Hiesa > LAGUNTZAK GELDITU DIRELA ESAN DU HIESAREN AURKAKO ARABAKO BATZORDEAK

  • Laguntzak gelditu direla esan du Hiesaren Aurkako Arabako Batzordeak
  • Berria, 2007-11-28 # Erredakzioa · Gasteiz

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioek hiesari aurre egiteko ematen dituzten diru laguntzak gelditu egin dira azken urteetan. Eta horrek gaitzari aurre egiteko «ekintza eraginkorragoak» abiatzea edo abiatutakoak jarraitzea oztopatzen du. Hala salatu du Hiesaren Aurkako Arabako Batzordeak, larunbateko Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunerako prestatu duen agirian. Izan ere, datorren larunbatean izango da Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna.


Hiesaren Aurkako Arabako Batzordeak eskatu du espetxeetan dauden GIBdunek kalean daudenen aukera eta baldintza berak izan ditzatela tratamendua jasotzeko. Abenduaren 1aren ostean elkartearen lehentasuna izango da hiesa, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoak Langraizko espetxetik (Araba) ateratzea.


Batzordeak 17 artelanen enkantea egingo du hiesa dutenei laguntzeko dirua biltzeko.

> Laburrak: Ekitaldiak > EHGAM-EK JAIA EGINGO DU IURRITAN

  • EHGAM-ek jaia egingo du Iurritan
  • Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira izango da
  • Oarsoaldeko Hitza, 2007-11-26

EHGAM erakundeak Iurritan jaia antolatu du abenduaren 1erako, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Ibizatik eta Donostiatik etorritako DJ-ek jarriko dute musika 23:30etik aurrera Ugaldetxoko gune soziokulturalean.