• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Berria: Azaroak 25 > KALERA ERAMAN DUTE GENERO INDARKERIAREAN AURKAKO OIHUA

  • Kalera eraman dute genero indarkeriaren aurkako oihua
  • Baionan gutun bat eman diote Jean Grenet auzapez eta Frantziako diputatuari, genero indarkeriaren kontrako lege markoa eskatuz. Genero indarkeriagatik aurten Euskal Herrian hil diren bost emakumeak gogoratu dituzte
  • Berria, 2008-11-26 # Garikoitz Goikoetxea (Bilbo), Aitor Renteria (Baiona ) eta Ainara Arratibel (Donostia)

Genero indarkeriaren kontrako aldarriak hartu ditu Euskal Herriko kaleak. Erakundeetako ordezkari nahiz herritarrek genero indarkeria salatu eta hari aurre egiteko konpromisoa berretsi dute, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren karietara antolatutako ekitaldietan. Bide horretan gizarte osoaren inplikazioa eskatu dute, baina batik bat gizonena. Protestetan aurten genero indarkeriagatik Euskal Herrian hil dituzten bost emakumeak izan dituzte gogoan.

Hotzari, euriari eta kazkabarrari aurre eginez, 2.500 herritar rekbaino gehiagok egin zuten atzo iluntzean Bilboko kaleetan manifestazioa. Indarkeriaren aurkako eta emakumeen aldeko oihuak eginez egin zuten ibilbidea. Agintariei eskatu zieten hauteskunde kanpainetako «promesak» alde batera utzi eta «ekintzak» aurrera eramateko, uste baitute talde feministak «trukerako txanpon gisa» erabiltzen dituztela. Hedabide eta epaileei ere indarkeria mota horren aurka lan egin dezaten eskatu zieten.

Emakumeak jasaten ari diren egoera «errotik deuseztatzeko» neurriak eskatu zituzten talde feministek. Haien esanetan, emakumeen aurkako erasoak ez dira amaituko «eredu patriarkala» amaitzen ez den artean. Bitartean, erasoak jasaten dituzten emakumeei horiek salatzeko deia egin zieten.

Eguberriko etxetxoen argi eta oparotasun promesen ondoan egin zuten protesta Baionan. Dozenaka pertsona bildu ziren Gizonen bortizkeriak aski zioen pankartaren gibelean. Emazteek pairatzen duten bortizkeria gehienetan etxeko isiltasunean gertatzen dela salatu zuten, eta jakinaren gainean dagoen jendea ez dela ausartzen hori salatzera anitzetan.

Elkarretaratuek gutuna eraman zioten Jean Grenet Baionako auzapez eta Frantziako diputatuari, genero bortizkeriaren aurkako lege markoa eskatuz. Europan 14 eta 44 urte bitarteko emazteen heriotzen lehen arrazoia genero indarkeria dela gogoratu ondoren, Frantziako diputatu gisa duen erantzukizuna gogoratuz, lege markoaren alde bozka dezala eskatu zioten.

Euskal Herrian ere bortizkeria pairatzen duten emazteek egituren beharra daukatela esan zioten Greneti, harrera, sostengua eta bide laguntza emateko.Auzapez gisa, egitura horiek plantan ezartzeko urratsak egin ditzan eskatu zioten.

Gasteizen, Iruñean eta Donostian ere manifestazioa egin zuten. 900, 1.500 eta 300 lagun bildu ziren, hurrenez hurren. Ez ziren horiek izan, ordea, egunean izandako mobilizazio bakarrak. Durangon (Bizkaia), Algortan (Bizkaia), Errenterian (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa) eta Altsasun ere (Nafarroa), besteak beste, protestak izan ziren talde feministek deituta. Horietan ere herritar dezente bildu zen.

Bilgune Feministak ontzat jo zuen atzoko eguna. «Jendarteak emakumeon kontrako indarkeria amaitu behar dela adierazi du ozenki. Gure ideiekin bat egin, eta sistema patriarkala iraultzen beste pauso txiki bat eman da». Dena den, atzoko egunari lotuta antolatuko hainbat ekimen kritikatu zituen. «Indarkeriaren gaia era isolatuan lantzen dute, edo jarrera salbatzaile eta paternalista batetik abiatzen dira, argi utziz helburua ez dela emakumeok sufritzen dugun zapalkuntza bukatzea». Horren adibidetzat Emakundek bultzatutako Gizonduz edota Eudelek (Euskal Udalen Elkartea) ateratako puntu moredun kartelak jarri zituzten.

Erakundeek antolatuta ere hainbat bilkura egin ziren Euskal Herriko herri eta hiriburuetan. Hiriburuen kasuan, gainera, udalek adierazpenak onartu eta irakurri zituzten, genero indarkeria salatzeko.

Sindikatuak ere kalean izan ziren atzo. Hala, ELA, ESK eta EILAS sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Bertan, genero indarkeria amaitzeko duten konpromisoa berretsi zuten, eta deia egin zieten herritarrei eta erakundeei indarkeria mota hori onartzen duten gizarte ereduak aldatzeko.

Etxe askotako leiho nahiz balkoietan ikusi ahal izan ziren, gainera, Eudelek banatutako kartelak. Emakumeenganako indarkeria ez irakur zitekeen kartel horietan. Euskal Herriko Ostalarien Federakundeak, bestalde, berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren kontrako kanpaina jarri zuen abian.

> Erreportajea: Berdintasuna > BA AL DAGO EMAKUME TXAPELDUNIK?

  • Ba al dago emakume txapeldunik?
  • Eusko Jaurlaritzako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Gerediagari eskatu dio emakumeei erreferentzia egiten dien elementuren bat jartzeko Durangoko 43. Azoka iragartzen duen kartelean.
  • Berria, 2008-11-15 # Aitor Abaroa

Durangoko 43. Euskal Liburu eta Disko Azokari hasiera emateko hiru aste falta dira. Ohikoa ez den arren, aurten, azoka, hasi aurretik dago guztien ahotan. Eusko Jaurlaritzako Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak azoka iragartzen duen kartela aldatzeko eskaria egin baitio azoka antolatzen duen Gerediaga Elkarteari.
Durangoko Azoka iragartzeko kartela lehiaketa bidez aukeratzen da. Aurtengoan, aurkeztutako 22 karteletatik, Aritz Zabala 25 urteko diseinatzaile gasteiztarrarena aukeratu du horretarako osatutako epaimahaiak. Kartelean betaurrekoak eta aurikularrak ageri dira, eta horien gainean, txapela bat. «Betaurrekoak irakurtzeko, aurikularrak entzuteko, txapela azokak kultura eta euskararekin duen harremana adierazteko», azaldu zuen Zabalak iragan irailaren 30ean kartelaren aurkezpen ekitaldian.


Epaimahaiak, aldiz, «bisualki duen inpaktua, daukan mezu zuzena eta sinpletasun plastikoa» aintzat hartu zituen kartela aukeratzeko orduan. Honakoak izan ziren epaimahaia osatu zutenak: Armando Bayer, Bost Talde Grafikoko diseinatzailea; Rodrigo Sainz, diseinatzaile grafikoa; Txelu Angoitia, argazkilaria; Jon Irazabal, Durangoko Azokako zuzendaria eta Izaskun Ellakuriaga, Azokako komunikazio arduraduna.


Kartela aldatzeko eskariak salaketa pertsonal batean du hazia. Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak idatzizko salaketa bat jaso zuen Durangoko Azokako kartel ak eta hura aurkezteko lemak emakumeak «ikusezin» bihurtzen zituela salatzen zuena. Kartela lehiaketara aurkezteko Zabalak hautatutako esaldiak, aldiz, «Gizon ikusezina azokan», zioen.


Gauzak horrela, Berdintasunerako Defentsa Erakundeak aintzat hartu du salaketa eta ofiziozko ikerketa hasi du. Hala ere, horrelako prozedura batek hilabeteak iraun dezakeela kontuan hartuta, eta Azoka hiru aste barru egingo dela jakinik, Berdintasunerako Erakundeak zuzenean jo du Gerediaga Elkartera, eta eskari argi bat legin dio: kartela aurkezten duen esaldia aldatzea eta emakumeek kulturan duten presentziari erreferentzia egiten dion elementuren bat gehitzea irudian.


Gerediagaren oharra
Gerediaga Elkarteak, bere aldetik, ohar bat eskegi du http://www.durangokoazoka.com web orrian, salaketaren inguruan esan beharrekoak azaltzeko. Elkartetik adierazi dutenez, ez dute inolako polemikan sartu nahi eta ez dute komunikabideetan inolako azalpenik emango; esan beharreko guztiak web orrian irakur daitekeen oharrean daudela adierazi dute.


Jasotako salaketaren inguruan, hiru kontu azpimarratu dituzte elkartetik. Lehenengo biak, kartelean ikusten den irudiari lotuak. Lehenengoan, «txapelaren irudi tradizionala» erakusten dela adierazi dute, «argi eta garbi gizonarekin lotutako jantzi-osagaia»; baina baieztapena errealitatearekin bat ez datorrela argudiatu dute, «txapela emakumezkoek zein gizonezkoek» osagarri legez erabili izan dutela. Bigarrengoan, aldiz, karteleko betaurrekoengatik ez dela «ezer» aipatzen adierazi dute, eta «nesken modelotzat katalogatuta» daudela jakinarazi.


Hirugarrengo kontuak, azkenik, salaketan aipatzen den leloari edo esaldiari egiten dio erreferentzia. Oharrean diotenez, «esaldia ez da Gerediagak ipinitakoa, autoreak emandakoa baino, kartela lehiaketara aurkezteko». Esaldia H. G. Wells-en eleberrian oinarrituta dago. Gainera, argitu nahi dute, «esaldi hori ez dela Durangoko Azokaren leloa, eta ez dela kartelean agertzen». Horretaz gain, oharrean azaltzen dute, «kartela aukeratzeko ez dela erabakigarria izan». Izan ere, kartela aukeratzeko prozedura lehiaketa izaki, diseinatzaile bakoitzak lelo bat jarri behar du kartela identifikatu ahal izateko, epaimahaikoek ez baitute inoiz egilearen izenaren berririk izaten.


Berdintasunerako Erakundea ez da izan kartelaren aldaketa eskatu duen erakunde bakarra. Durangoko Udalaren Aholkularitza Batzordeak ere desadostasuna agertu du aukeratutako kartelarekiko; are gehiago, kartela erretiratzeko eskaria luzatu dio Gerediaga Elkarteari. Udaleko berdintasun Batzordea, aldiz, ez da horren urrun joan, eta hurrengo urteetara begira, Berdintasun Legea kontuan hartzeko eskatu dio Gerediagari.


Lertxundiren zutabea
Komunikabideetan oihartzun handirik izan ez zuen arren, hainbat web orri eta blogetan azpimarratu zuten iragan urriaren 2an Anjel Lertxundik BERRIAko Hitz Beste zutabean kartelak iradokitakoen inguruan idatzitakoa. Artikuluan esan nahi zuenaren berri eman du idazleak: «Niri ez zaizkit salaketak gustatzen eta artikuluan ere ez nuen ezer salatzen, hausnarketarako puntu edo galdera batzuk egin baino». Lertxundik azaldu du kartelak iradokitakoaren arabera, emakume eta gizonen ezaugarriei buruzko aipamena egin zuela. Lertxundiren aburuz, «onkeriazko jarrera gehiegizkoa dugu gauza batzuekiko. Askeago behar genuke, kritika soziala egiterakoan. Gainera, nik memento batean ere ez nuen artikuluan esaten kartela gustuko nuen ala ez», gaineratu du.


Artikulu hark, gainera, izan zuen bere garaian erantzuna, eta hantxe geratu zen kontua. Aritz Zabala kartelaren diseinatzaileak BERRIAko Iritzia sailean erantzun zion Lertxundiri. Ezer baino lehen, Lertxundik egindako «kritika eskertu» zuen Zabalak, bere lanari «erreparatzeagatik». Ondoren, kartelaren inguruko azalpenak eman zituen. Zabalak azaldu zuen izenburua «pertsonaia literario» batean oinarritzen zela, eta kasualitatez baino ez zela gizonezkoa. Jakinarazi zuen, gainera, betaurrekoak neska batenak direla. Zabalak aditzera eman zuen ez zuela ulertzen zergatik ikusten zuten batzuek gizonezkoa txapelaren azpian, eta berak erantzun zuen, agian, gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako zela. Azkenik, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari uzteko eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzeko proposamena egin zuen.

> Iritzia: Koldo Aldabe > ESTEREOTIPOAK AZOKAN

  • Estereotipoak azokan
  • Berria, 2008-11-13 # Koldo Aldabe

Izenburua pertsonaia literario batean oinarritzen da, besterik gabe, eta kasualitatez gizona da. Irudiari dagokionez: alde batetik, betaurrekoak neska batenak dira eta, bestetik, zergatik ikusi gizasemea txapelaren azpian denok badugu burua? Agian, gizartean ikuspegi matxista sustraituta dagoelako? Ez al da hobe, feminismokerian erori gabe, ezer ez dagoen lekuan bilatzeari utzi eta irudiek duten genero konnotazioa ezabatzea?». Horrela dafenditu zuen bere burua aurtengo Durangoko Azokako kartelaren egileak orriotan egin zitzaion kritikatik. Orain, ordea, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeak ohartarazi du kartel hori ez dela egokia, eta Gerediaga elkarteari kartela erretiratzeko galdegin dio.


Baina, behin horretan jarrita, ez al litzateke eragingarriagoa EITBri galdegitea ez dezan dirua egin, eta gizartea bonbardatu, iragarki sexista eta iraingarriekin?

> Berria: Berdindtasuna > GIZON IKUSEZINAREN KARTELA ALDATZEKO ESKATU DUTE

  • Gizon ikusezinaren kartela aldatzeko eskatu dute
  • Berria, 2008-11-12

Berdintasunerako Defentsa Erakundeak Durangoko aurtengo azokaren kartela aldatzeko eskatu dio Gerediaga Elkarteari, azokaren antolatzaileari. Gizon ikusezina azokan leloa duen kartelak emakumeak euskal kulturan «ikusezin» uzten dituela uste du erakundeak, eta, horregatik, esaldia aldatzeko eta irudian emakumeei erreferentzia egingo dien elementuren bat ezartzeko eskatu du.

> Berria: Indarkeria > BILBO: BI GIZON ATXILOTU DITUZTE, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA LEPORATUTA

  • Bi gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, emakumeen kontrako indarkeria leporatuta
  • Berria, 2008-11-03

Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat -F.M.G.- atzeman zuten atzo Bilbon, ama mehatxatu zuelakoan eta ugazaitari sukaldeko labana sartu ziolako ustez. Emakumeak eman zien gertakariaren berri ertzainei, eta hauek haien etxera joan ziren -hiriko erdigunean dago-, arratsaldeko zazpietan. Ertzainek esan dutenez, gizonezkoak bizkarrean sartu zion labana ugazaitari eta tresna berarekin egin zion mehatxu amari. Ertzaintzak berak 36 urteko beste gizonezko bat -S.F.A.- ere atxilotu zuen atzo Bilbon, neska-laguna jotzea eta mehatxatzea egotzita. Bizilagun batek eman zien abisu ertzainei, eta hauek bikotearen etxera joan ziren. Emakumeak aurpegia odoletan zuela ikusi zuten eta une hartan, ertzainek diotenez, gizonezkoa berriro saiatu zen emakumea jotzen.

> Laburrak: Oroitzapena > GEHITUK FRANKISMOAN HOMOSEXUALEK JASANDAKO JAZARPENA GOGORARAZIKO DU

  • Gehituk frankismoan homosexualek jasandako jazarpena gogoraraziko du
  • Berria, 2008-10-25 # Erredakzioa · Donostia

Gehitu gay eta lesbianen kolektiboak ekitaldi sorta antolatu du datorren astean homosexualek eta transexualek frankismoan jasan zuten jazarpena gogora ekartzeko. Donostian eta Miarritzen (Lapurdi) egingo dira jardunaldiak, eta memoria historikoa berreskuratze aldera, besteak beste, Fernando Olmeda idazleak eta Antonio Ruiz frankismo garaian preso egondakoek osatutako elkarteko ordezkariak hartuko dute parte. Jazarpena gordin jasan zuten Andres Garcia eta Silvia Reyesek ere hartuko dute parte jardunaldietan, bai eta Frantziako Triangles Roses elkarteko Jean Le Bitousek ere. Gogora ekarri nahi dute frankismoak homosexual eta transexualak pertsona «arriskutsu» modura tratatzen zituela, eta «sendatu» egin nahi zituela.

> Berria: Salaketak > GIPUZKOA: ZUBIETAN "MAKROKARTZELA" ERAIKITZEAREN AURKA MOZIOAK AURKEZTUKO DITUZTE UDALETAN

  • Zubietan «makrokartzela» eraikitzearen aurka mozioak aurkeztuko dituzte udaletan
  • Egungo kartzela eredua baino alternatiba «humanoagoak» eskatu ditu hamaika eragilek osatutako plataformak
  • Berria, 2008-10-18 # Ainhoa Sarasola · Donostia

Espainiako Gobernuak Zubietan (Gipuzkoa) eraiki nahi duen espetxearen aurkako mozioak aurkeztuko ditu udaletan Gipuzkoako Makroespetxearen Aurkako Plataformak. Mozioaren bidez, «Zubietako espetxe ereduaren edo makroespetxearen eraikuntza egitasmoaren aurkako jarrera» agertzeko eskatuko die taldeak Gipuzkoako udalei. Izan ere, plataformako kideen ustez, bada egungo kartzela araudia eta eredu judiziala baino alternatiba «humanoagorik».


Mozioan, lau puntutan jasotako akordioak bere egiteko eskatzen dio plataformak Udalari. Batetik, bergizarteratzearen helburuari lehentasuna emanez espetxe politika «aurrerakoiago eta gizatiarrago baten» alde egiteko. «Askatasuna kendu beharrik gabeko neurrietan» oinarritutako eredua hobesteko ere galdegiten dio. Eta neurri horien artean hauek aipatzen ditu: zigor betetze alternatiboak droga menpekotasuna dutenentzat; tutelatutako guneak zigortutako emakumeentzat eta beren kargu haurrak dituzten amentzat; zerbitzu berezituak buruko gaitzak edo kronikoak dituzten presoentzat; laguntza programak lanerako eta heziketarako, eta bergizarteratze zentroak, besteak beste. «Horiek eta beste alternatiba batzuk gizatiarragoak, eraginkorragoak eta merkeagoak ere badira», dio plataformaren testuak.


Hirugarren puntuak dio «ezarri nahi duten makroespetxe ereduak» ez duela aurrez aipatutako helburuetako bakar bat ere betetzen. Are gehiago, Eusko Legebiltzarrean 2006ko otsailean Eusko Legebiltzarrean makroespetxeen desagerpenari buruz gehiengoz onartutako legez besteko proposamenaren aurkakoa dela dio. Hala, azken puntuan, Zubietako egitasmoaren aurka eta eredu berri baten alde agertzeko eskatzen diote Udalari, eta Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazteko.


Donostiako EB-Aralar udal taldeak azken puntua aldatuta aurkeztuko du Udalean plataformaren mozioa. «Zigorrak betetzeko beste eredu baten alde» azaltzeko eskatzen dio EB-Aralarren testuak Donostiako Udalari.


Askotariko eragile eta alderdik osatzen dute plataforma; Loiola Etxea, Arrats elkartea, Zubietako Herri Batzarra, Arabako Salhaketa, LAB eta CNT sindikatuak eta ezker abertzalea, Aralar nahiz Ezker Batua daude partaideen artean. Era berean, Drogaren Erakunde Elkartea, Astigarragako Espetxeetako Pastoraltza, Laneratzeko eta Gizarteratzen Laguntzeko Sarea (RAIS), EHGAM, Kale Gorrian eta Donostiako Eusko Alkartasunak ere sostengua azaldu diote ekimenari.


«Makrokartzela» datutan
«Espetxeetako egoera lazgarriak bildu gaitu, espetxe berrien eraikuntza planek eta, batez ere, arazoaz jabetu izanak», adierazi dute plataformako kideek. Egun «batak besteari eragiten dizkiogun kalteak nola konpondu» galdetzean gehienetan «espetxera sartuz» erantzuten zaiola uste dute. Ordea, adituek hobetsitako beste aukerei buruz gutxitan pentsatzen dela diote. Hala, «gizarteko gatazkei irtenbide humanoagoa» emate aldera, beste gizarte taldeetara iritsi nahi dute plataformakoek.


Euren hitzetan, oraindik ez dago Zubietako espetxearen inguruko aski informazio. Arduradunen arabera, 700 presorentzako lekua izango du. Gizarteratze zentroa ere aipatu izan dutela, baina «gizarteratzeari lehentasuna emateari buruz hitz egiten badute ere» oraindik zentro hori non, nola eta noiz eraikiko duten ez dutela zehaztu salatu dute. Espainiako Espetxe Erakundeen menpeko presondegietan 71.000 lagun daude egun, eta 2012rako 80.000 baino gehiago izango direla ziurtzat jo dute. Hala, hori gertatzean beste hamabost «makrokartzela» eraikiko ote dituzten galdetu zuten. Euren ustez, Martuteneko espetxea ixteak «beste espetxe eredu baten hasiera» ekarri beharko luke.

> Elkarrizketa: Iñaki Saratxaga > "BELAUNALDIAK BEHARKO DIRA ARTEAN HOMOSEXUALITATEA NORMALTZAT HARTZEKO"

  • Iñaki Saratxaga – Artista: «Belaunaldiak beharko dira artean homosexualitatea normaltzat hartzeko»
  • Erotika homosexualaren inguruko marrazki saila du ikusgai Bilboko argazkilari, bideogile eta marrazkilariak Errenteriako (Gipuzkoa) Mikelazulo elkartean. Urri osoan egongo da zabalik.
  • Berria, 2008-10-14 # Edu Lartzanguren

Iñaki Saratxaga (Bilbo, 1956) argazkilaria da, eta bideogintzan aritu izan da azken urteotan. Arte plastikoen eta ikus-entzunezkoen artean jartzen du bere mundua. Erotismo homosexuala landu du marrazkien bidez. Ero-apuntes izenburuko erakusketan ari da lana erakusten hil honetan, Errenterian (Gipuzkoa), Mikelazulo elkartean.


Nola sortu zen Ero-apuntes erakusketa egiteko ideia?
Marrazkigintza eta pinturarekin hasi nintzen ni, ikuspegi akademikotik, figurak eta gorpu biluziak lantzen. Oinarri horretatik abiatuta, eduki apur bat politikoagoa landu nahi izan dut, hau da, gay erotika eta sexualitatea. Artearen bidez gay erotismoa agerrarazi nahi izan dut. Apunteak dira, marrazki azkarrak. Horrela ikasten zen marrazketa garai batean, baina gero eta gutxiago egiten da. Bi gauzak aldarrikatu nahi izan ditut, beraz: figuraren azterketa marrazketa klasikoan, baina eduki zirikatzaileagoa ematen, jendea oraindik deseroso sentitzen delako gai horrekin.


Lehen aldiz jorratzen duzu gai hori zure lanean. Zergatik orain?
Orain arte argazkigintzan aritu naizelako, eta gai hori argazkien bidez jorratzea askoz zailagoa izango zitzaidan eta askoz garestiagoa. Izan ere, halako lanen errendimendua zero da. Bilbon bitan erakutsi ditut marrazkiok eta beste behin Bartzelonan (Katalunia), eta, denera, bi koadro baino ez dira saldu. Oso zaila da gai hori erakustea eta saltzea.


Gaia oraindik zentsuratu egiten dela esan ohi duzu…

Ia ezinezkoa da arte galeria batean zintzilik ikustea erotika homosexualaren inguruko lanak. Erotika heterosexuala ikustea ere zaila bada, homosexuala jartzea, harrigarria da. Homosexualen ezkontzak baimentzen dituen legeak egonda ere, hemen gizarteak ez du oraindik onartuta homosexualitatea. Urte asko falta dira, belaunaldiak, sexualitate hori normaltzat hartzeko bai eguneroko bizimoduan bai artean. Londresen hiru urtez egin nuen lan argazkilari gisa, eta hura askoz irekiagoa da. Espazioak badira han eta kantitate gehiago, baina, dena den, hemen bezala, zentsura eta bazterketa dago.


Zer-nolako erreakzioak jaso dituzu orain arte?
Onak. jendeak gustuko ditu marrazkiak. Izan ere, ez dira gogorrak, erotikoak dira, ez da pornografia. Teknika ere, leuna da. Ez dut asmorik gaia jorratzeko bideoaren bidez edo beste baliabide baten bidez. Horrela geratuko da. Litekeena da marrazki gehiago egitea etorkizunean, baina, betiere, teknika bera erabilita.


Nerabeei eskaini diezu erakusketa. Zergatik?

Adin horretan daudenak sentitzen dira minberen, ofiziala ez den joera sexuala dutenean. Nire aldetik, haiei laguntzeko egiten dudan ekarpen txikia da erakusketa. Izan ere, uste dut lagungarria izan dakiekeela sexu joera hori agerian ikustea normaltasunez erakusketa areto batean; gaia jorratzen duen jendea dabilela eta jendaurrean erakusten duela ikustea, alegia.


Zure esperientziatik ari zara?
Bai, gustatuko litzaidake interes eta sostengu gehiago ikustea egun hedabideetan eta ikus-entzunezkoetan gaia normaltzeko, nire belaunaldian ikusi dudana baino.

> Berria: Trans > TRANSEXUALITATEA BURUKO ERITASUNEN ZERRENDATIK ATERATZEKO ESKATU DUTE

  • Transexualitatea buruko eritasunen zerrendatik ateratzeko eskatu dute
  • Bilbon eta Donostian elkarretaratzeak egin dituzte gizartean nagusi den «gizon-emakume binarismoa» amaitzeko
  • Berria, 2008-10-12 # Ainhoa Sarasola · Donostia

DMS-IV. Hizki horiekin dago jasota buruko eritasunen Europako zerrendan transexualitatea. AEBetako zerrendan ere jasota dago, beste kode batekin. Hizkiak hizki, transexualitatea buruko eritasun gisa hartzen du egun Osasunerako Mundu Erakundeak (OME). Horrek, osasun zerbitzuetara jotzen dutenean transexualentzat prozesu «oso gogorra» dakarrela uste dute Euskal Herriko Gay eta Lesbianen Askapen Mugimenduak (EHGAM) eta Medeak kolektibo feministak. Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik kentzeko eskatu zuten Donostian eginiko elkarretaratzeetan, atzo.


Josebe Iturrioz Medeak-eko kideak azaldu zuenez, transexualek osasun zerbitzuetara jotzen dutenean, psikiatra baten eskuetatik pasatu behar izaten dute lehenik, eta «prozesu gogorra» da hori haientzat. «Arazoren bat baduzu, depresioa esaterako, ez dizute uzten aurrera jarraitzen». Medikuntzak halako kasuetan jarraitzen dituen metodologia eta testak ere ez direla batere egokiak deritzo. «Nola neurtzen da gizontasuna eta emakumetasuna? Amaren zapatak jartzen ote dituzun edo makillatzen zaren galdetuta?».


Osasun sistemak, gizartean nagusi diren gizon-emakume bi polo hegemonikoak indartzen dituela uste du Iturriozek, eta ez dago horren alde. «Zergatik emakume batek ezin du zakilik izan? Guk diogu sexua bera eraikia dela, eta gorputzak askotarikoak direla; hor daude intersexualak, adibidez». Ordea, intersexualei jaiotzez ebakuntza egiten zaiela, eta normalean gainera ezkutatu egiten zaiela dio Iturriozek. «Beraz, errealitate hori ez dugu ezagutzen. Beti izango dira gutxiengo bat, erreprimitzen dugun heinean».


Hala, «gizon-emakume binarismoa» gainditu, eta horietatik harago, gorputzen aniztasuna aitortzeko eskatzen du. «Horregatik diogu gure gorputzak ez daudelagaixorik edo ez direla erratzen, baizik eta gizartea erratzen dela». Tokian tokiko erakundeei transexualitatea eta intersexualitatea modu integralean eta transbersalki lantzeko ere eskatzen die. Iturriozen esanetan, ez baita berdintasunerako departamentuetan lantzen diren gaietatik aparte dagoen zerbait, «sexualitatearen barruan eta sexismoarekin erlazionatua» dagoen auzia baizik.


Iritzi berekoa da Julen Zabala EHGAMeko kidea. Instituzioetatik auzia modu osoagoan landu beharko litzatekeela dio. Urtetan transexualitatearen auzia baztertuta egon dela uste du, baina ari direla, gay eta lesbianen eskubideen aldeko mugimendutik, errealitate hori azaleratzen saiatzen. Auzia gay eta lesbianen borroka agendan dagoela dio.


Eta transexualek izan ditzaketen arazo zehatzetatik harago ere, bi sexu nagusiren binarismoak ez duela zertan hala izan behar uste du, gizartean eredu hori oso errotuta badago ere. «Dena dago guztiz markatua; komunak neskentzat eta mutilentzat, nortasun agirian sexua jartzea… adibideak baino ez dira, baina garbi erakusten dutenak egunero estereotipo oso indartsuak sortzen dituztela, eta horrek eragina badu». Ordea, inguruan kasu latzen bat gertatzean soilik jabetzen da gizartea errealitate horretaz, Zabalaren ustez. Horregatik eskatzen du arlo guztietako erakundeen esku-hartzea.


Eskaera zehatzak
Transexualitatea buruko gaitzen zerrendatik ateratzeko eskatzeaz gainera, beste hainbat eskaera egin zituzten bi elkarteek atzoko protestetan. Hormona tratamendu eta ebakuntza «askeak» aldarrikatu zituzten, psikiatraren tutoretzarik gabekoak. «Genital anbiguoekin» jaiotakoei egun gutxira egin ohi zaien ebakuntza egiteari uzteko, agiri ofizialetatik «sexua» eta «ezertarako balio ez duten antzeko datuak» ezabatzeko, eta transexualen babeserako legeak sustatzeko ere eskatu zuten.


Hala, Osakidetzako lehen artatzean «erabateko hobekuntza» eta Gizarte Segurantzan tratamendu eta ebakuntzak onartzea aldarrikatu zuten. Eusko Jaurlaritzari, berriz, Generoaren Saila sortzeko eta transexualitatea berdintasunerako departamentu eta arloetan lantzeko eskatu zioten.


Donostian bezala, Bilbon ere elkarretaratzea egin zuten Trans Koordinakundeak deituta, eskaera berberak plazaratzeko. Gaurko, berriz, Gasteizen 7menos20 eta Las Invertidas taldeek deitu dute hitzordua, 13:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan.

> Berria: Feminismoak > EMAKUMEEN ESKUBIDEAK "MUGATZEN" ARI DIRELA DERITZO BILGUNE FEMINISTAK

  • Emakumeen eskubideak «mugatzen» ari direla deritzo Bilgune Feministak
  • Martxoaren 8ko data «errespetatzeko» eta egun horretan hauteskunderik ez egiteko «exijitu» dute
  • Berria, 2008-10-11 # Mikel Peruarena · Donostia

«Historian zehar, batez ere gure borrokaren bidez, lortutako esparruak eta eskubide urriak ezabatzen edo mugatzen ari dira». Udan amaitu den ikasturtearen balantzea egin dute Bilgune Feministako bozeramaileek, Miren Aranguren eta Izaskun Guarrotxenak, eta ondorio horretara iritsi dira: «Jendarte parekidea izatetik oso urrun gaude».


Nafarroako Foru Gobernuak aurten onartu duen abortatzeko eskubidearen aldeko proposamenak ez du «inongo fruiturik» sortu, Arangurenek dioenez: «Ezin da abortatu Nafarroan, ez osasun publikoan, ez pribatuan ere». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, klinika pribatuetan egiten da abortuen %98. Espainiako Gobernuak, Abortuaren Legea aldatzeko, mugimendu feministaren iritziak kontuan hartu behar lituzke, Arangurenen esanetan. Emakumeen erabakitzeko askatasunari «mugak jartzeko ahaleginak» gaitzetsi ditu, eta abortu «libre eta doakoa» exijitzen jarraituko dutela jakinarazi du.


Lesakan (Nafarroa) eta Bilbon azken asteetan izan diren erasoak gogorarazi ditu Guarrotxenak. Emakumeek jasotzen dituzten erasoekin «oso arduratuta» daudela adierazi du, eta «autodefentsa feminista» erabiltzeko eta «kalean beldurrik gabe bizitzeko» deia egin die emakumeei.


Aurten bost emakume hil dira, genero indarkeriaren ondorioz, Euskal Herrian. «Hezkuntzan eta prebentzioan lan integralik egiten ez den bitartean, egoerak larriagotzen jarraituko du», Guarrotxenaren hitzetan. Gizartearen jarrera aldatu behar da bere ustez: «Guztion ardurari behingoz heldu eta gure esku dauden neurriak hartu behar genituzke».


Martxoaren 8a «errespetatu»

Instituzioek kanpainak egiten dituzte, baina «politikoki zuzena denak» agintzen dielako, «atzetik inolako oinarririk edota benetako lanik» egin gabe, Guarrotxenaren ustez. Hari horretatik, azken aldi honetan martxoaren 8an Eusko Legebiltzarra osatzeko bozak egitea entzun denez, «huts izugarria» izango litzatekeela uste dute. «Denok dugu gogoan aurten zer gertatu den Nafarroan, martxoaren 8a hausnarketa egunarekin egokitu zelako». Martxoaren 8a «errespetatu behar da eta politikariek agendan sartu behar dute», ohartarazi du Guarrotxenak. Eusko Jaurlaritzari «exijitu» dio egun horretan hauteskunderik ez deitzeko.


Atzerakada ekonomikoa emakumeei nola eragiten ari zaien aztertzea izango da ikasturteko erronketako bat. «Krisiak emakumeoi eragiten digu, bereziki; irakurketa eguneratzeko asmoa dugu ikasturte honetan», jakinarazi du Guarrotxenak.


Transexualitatea arazo psikiatriko hutsera ez murrizteko eskatuz elkarretaratzeak egingo dituzte, gaur eta bihar, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. EHGAM, Medeak eta Trans koordinadorak deitutako ekitaldietara joateko deia egin du Bilgune Feministak.