• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Iritzia: Bilgune Feminista > TXAPELA BURUAN GIZONA MUNDUAN

  • Txapela buruan gizona munduan
  • Gara, 2008-12-08 # Iosune Irigoien Garcia / Edurne Epelde Pagola · Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak falta izan zaizkigu. Euskal kulturaz hitz egiten burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu.


Urteak aurrera joan ahala Durangoko Azokan gero eta liburu eta disko gehiagorekin egiten dugu topo. Zorionez disko eta liburu hauen egileak ez dira gizonezkoak bakarrik, pixkanaka kultur ekoizleen artean emakumezkoak ere beren tokia hartzen ari dira. Egun emakumeok irakurtzen ez dakigula eta gure garunak ez daudela kulturarako prestatuta baieztatzea astakeria handia litzateke. Baita euskal kulturaren hartzaileak gizonezkoak bakarrik direla esatea ere. Bistakoa da mendeetan emakumeok ukatu izan zaigun kultura bizi, gozatu eta sortzeko eskubidea gutxika berreskuratzen ari garela. Gainera, sistema patriarkala emakumezkoak kultur ekoizle ez izateko muga ugari jartzeaz arduratu bada ere, asko izan dira oztopo hauek gaindituz pentsalari, filosofo, idazle nahiz kulturzale izan diren emakumeak.


Egun, emakumeok gizonek adina irakurtzen dugula esan dezakegu eta gaitasuna izan arren, gure buruarengan nahiko sinesmen biltzen dugunean idaztera ere egiten dugu jauzi. Baina aspaldidanik emakume idazle nahiz abeslarien erreferentziak urriak izan ditugu. Euskal kulturaz hitz egitean burua gizonezkoen irudiz betetzen zaigu eta halaxe gertatu izan da urte luzeetan zehar ere; hedabideetan kulturaz hitz egiterakoan gizonezkoen lanak nagusitu direla behin eta berriz.


Hori horrela izatearen arrazoiak ez dira ezkutukoak. Patriarkatuak ongi moldatu du guztia emakumezkoen zapalkuntzak bere horretan iraun dezan. Gizonen eta emakumeen arteko botere harremanak dira sistemaren tresna nagusi, eta eredu androzentrikoen sorrerak emakumeak itzalean mantendu gaitu. Guk jasotako ereduak hortaz, gizonezkoenak izan dira oro har, eta eredurik ezak emakumezkoak ere gizonezkoen moldeekin bat egitera bultzatu gaitu. Horregatik diogu emakumeok ikusezintasun egoeran bizi garela, nahiz eta pixkanaka hori atzean uzteko borondatea eta indar nahiko agertzen ari garen egunerokoan. Sexu bereizkeriaren ondorioz, emakumeak ez du gizonak hainbat denbora, arte adierazpenak eta sormena lantzeko, ezta espazio propioa izan edo baliabide ekonomikoak izateko aukerarik ere. Historikoki, baita gaur egun ere, emakume ezberdinek egindako lanak, idazketak… itzalean geratu dira eta ez dute merezitako aitortza jaso.


Kultur eta literatur ekoizpenean emakumeok historian zehar jasan duen diskriminazioa gainditu nahi badugu bada zer eginik. Guztion borondatea beharrezkoa izango da hau lortzeko, eta egia esan aurten Durangoko Liburu eta Disko Azoka aurkezteko erabili den kartelak ez du asko laguntzen ibilbide honetan. Gerediagak, Euskal Herriko disko eta liburu azokarik garrantzitsuenaren antolatzaile izanik, zeregin horretan funtsezko ekarpena egin dezakeelakoan gaude. Horretarako Bilgune Feministak azken lau urteetan proposamenak luzatu izan dizkiogu Gerediagari. Aurtengo martxoan ere beraiekin bildu ginen eta beren jardueraren berri eman zigutenean, bertan ikuspegi feminista txertatzeko proposamena luzatu genien.


Baina berriro ere Azokaren inguruan ateratako kartelaren bidez emakumea txapelaren atzean ezkutatu dutela uste dugu. Gizonezko ikusezina omendu nahi izan dute aurtengoan, eta tira, ideia onargarria izan daiteke, baina guztiok gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzeko dugun erantzukizuna kontuan hartuta eta behin eta berriz emakume erreferentzi berrien beharrean gaudela badiogu, orduan, zergatik atera dute emakumeak bazter uzten gaituen irudi bat?


Uste dugu jendartean eztabaida piztu duen kartel hau ez dela kasualitatea, ez eta huskeria ere. Euskal kultura mugitzen duten eskuek eta buruek zein sexu duten garbi uzten digu guri kartel honek. Txapelarekin identifikatu ezinean, txapelaren atzean eta kultur eremutik urrun sentiarazi gaitu, nahiz eta kartel egilearen helburua hori ez izan.


Azken asteetan Durangoko Azokako kartelaren inguruan gauza asko entzun ditugu. Horren harira, Euskal Herriko Bilgune Feminista Gerediaga elkartearekin harremanetan jarri zen bere desadostasuna adierazi eta kartela kentzeko eskatuz, baina ezezkoa jaso genuen. Jarrera ezkor honekin Euskal Herri parekide bateranzko bidean Gerediagak aurrerapausoak eman beharrean atzerapausoa eman du emakumeok «ikusezintasun bikoitzera» kondenatuz.


Jendarteko beste eragile askok ere bere desadostasuna adierazi zuen, azkenean Gerediaga elkarteak emakumeoi ere erreferentzia egiten digun spota kaleratzea lortu arte. Baina, gure ustez, spot honek ez du emakumeen ikusezintasunarekin dugun arazoa konpontzen. Spot hori egoerari emandako erantzun azkar bat izan da, oinarrian dagoen arazoa konpondu gabe, alegia, emakumeok kultur ekoizpen eta kontsumoan dugun egoerari erreparatu gabe. Horregatik egun hauetan, eta urtero egiten dugun bezala, Durangoko Azokan emakumeon ikusgarritasunaren aldeko dinamika bultzatu nahi dugu.


Parekidetasuna oinarri duen Euskal Herria nahi dugu, emakumeen erreferentez josia eta sexuaren araberako oztoporik gabea. Musika eta literaturari dagokionez, emakumeok pairatzen dugun desberdintasun egoera gainditzeko eta gure parte-hartzea eragozten duten oztopoak gainditzeko garaia da. Egin dezagun ba ikusgarri begirada soilean ikusten ez den hori.


Amaitzeko, Bilgune Feministak emakume guztiak animatu nahi ditu, inoiz baino gehiago, kultur ekimen orotan parte hartzera eta egoera edota ekimen diskriminatzaileen aurrean egunero beren haserrea adieraztera.

> Iritzia: Maider Alustiza Lasa > EMAKUME IKUSEZINA

  • Emakume ikusezina
  • Gara, 2008-11-16 # Maider Alustiza Lasa · Donostia

Tristura handiz, ezintasunez esango nuke, hartu dut aurtengo Durangoko Azokako kartelaren aurkezpena. Egilea izenburuarekin nahastu egin delakoan nago, «Gizon ikusezina» gabe «emakume ikusezina» islatzen baitu afixa horrek. Emakume eta euskaltzale eta Azokako partaide naizen aldetik, iraindua sentitu dut neure burua eta, oro har, emakumeei egindako bazterkeria oso larria dela deritzot. Diseinu grafikoan aritzen naiz ni ere, eta ez diot helduko kartelaren alde artistikoari, baina kartel horrek ez du emakumea ordezkatzen, soilik gizonezkoak baizik, bai irudian bai izenburuan. Emakumezko asko joan ohi gara Durangoko Azokara eta horiek ere kartelean irudikatu beharko liratekeela uste dut. Aurten huts larria egin duela helarazi diot Gerediaga Elkarteari, eta nire kexa Durangoko Udalera ere bidali dut, zerbait egin dezaten eta hurrengo urteetan epai-mahaiak emakumeok kontuan har gaitzan.

> Berria: Berdintasuna > AURRENEKO ALDIZ BADIAN

  • Aurreneko aldiz badian
  • Zortzi traineru ariko dira emakumezkoen Kontxako Banderan, irailaren 13an jokatuko den kanporaketan
  • Berria, 2008-08-27

Irailaren 13an jokatuko da kanporaketa zortzi trainerurekin, eta irailaren 14an estropada nagusia bezperan sailkatu diren lau onenekin. Zehaztuta dago. Jokatu egingo da. Aurreneko aldiz, emakumezkoen Kontxako Bandera antolatu da, eta atzo egin zen Donostian Banderaren aurkezpena. Antolatzaileak izan ziren bertan, bai eta parte hartuko duten taldeetako ordezkari eta arraunlariak ere. Gipuzkoakoak dira hiru talde (Hondarribia, Zumaia-Getaria eta Tolosa), Bizkaikoa bakarra (Arkoteren izenean Bizkaiko selekzioa), Kataluniako bi (Badalona eta Colera), Kantabriakoa beste bat (Astillero), eta Galiziakoa beste bat (Galiziako selekzioa).


«Kantauriko estropadarik garrantzitsuena, hain zuzen, tradizioa gizarte gero eta berdinago batera molda daitekeelako eta moldatu behar delako adibide da», esan zuen atzoko aurkezpenean Donostiako berdintasunerako zinegotzi Ainhoa Beolak. Odon Elorza alkatea, Ramon Etxezarreta Kultura delegatua, Jon Lasa Kiroletako zinegotzia eta Iñaki Galdos Gipuzkoako Kiroletako Diputatua ere aurkezpenean izan ziren, parte hartuko duten taldeetako ordezkariekin batera. Hasiera batean parte-hartzea «testigantza hutsa» izango zela eta ez zutela traineru askorik espero esan zuen Etxezarretak, baina azkenean lehiaketak parte-hartze oparoa izango duela azpimarratu zuen ondoren, eta Mediterraneoko taldeen jarduna nabarmendu.


2.778 metroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek Kontxan (1,5 itsas milia), eta ziaboga bakarra hartu. Irailaren 13ko kanporaketa 18:00etan jokatuko da, eta igandeko ohorezko txanda 11:00etan -gizonezkoen estropada baino ordubete lehenago-. Traineru irabazleak Kontxako Bandera eskuratuko du, «gizonezkoek jasotzen dutenaren berdina, baina emakumezkoena dela dioena», eta 6.200 euroko dirusaria -bigarrenak 4.000 eta hirugarrenak 3.200-. Ainhoa Beola berdintasun zinegotziak nabarmendu zuen 1879tik gizonezkoek baino ez dutela parte hartu «arraunaren olinpiadan», eta beharrezko urratsaegin zela: «Ateak ireki behar ditugu, kirol ekitaldi eta ekintzetan gero eta emakume gehiagok parte har dezaten, eta gizonezkoen oihartzun berbera izan dezaten».

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME ERAILAK, BAKARDADEA ETA LOTSA

  • Emakume erailak, bakardadea eta lotsa
  • Gara, 2008-08-21 # Laura Mintegi · Idazlea

Latza zaie, umilagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak


Bikotekidea erail eta, ondoren, norberaren burua akabatzea potentzia zantzua da. «Ez badu nirekin egon nahi, tira, ez da egongo, baina beste inorekin ere ez. Niretzat ez bada, ez da izango inorentzat».


Bikotekidea behar duelako erailtzen du gizonezkoak emakumea. Haren beharrizana sentitzen duelako. Ez du erailtzen maite duelako, baizik eta nahi duelako. Posesio nahia da, eta sentimendu hori hurbilago dago apetatik maitasunetik baino. Gizonezko bortxatzaileak bortxaketa eta indarkeria behar ditu bera nor den jakiteko. Bere emakumea gabe ez delako ezer, ez delako inor.


Maitatzeak berekin dakar maitearen zoriontasuna nahi izatea. Pertsona posesiboak, ordea, ez du gogoan maitearen zoriontasuna. Tratu txarrak ematen dituenak ez du aintzat bikotekidea pozik bizi den ala ez. Bere beharrizanak bete nahi ditu, egozentrikoa da, eta oso intsegurua da, batez ere intsegurua. Emakumea behar du, ispilua behar duen moduan, nor den jakiteko.


Gizon intsegurua hautsi egiten da emaztearekiko harremana hausten denean. Emazteak alde egiteak kolokan jartzen du bere izaera. Bere ahulezia ikusten du eta hortik datorkio indarkeriaren beharra. Nahiago du emaztea ez existitzea berarengandik aparte bizitzea baino. Ez du permitituko «berea» dena autonomoa izatea.


Gizon hauentzat mingarriena ez da, ordea, emakumeak bikotekide berria topatzea. Nahiago lukete ordezkatua izan eta beste gizon batek hartzea beren lekua, emakumeak esatea baino bakarrik egon nahi duela, ez duela inoren bikotekidea izan nahi. Latza zaie, umiliagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak. Hutsaren hurrengoa dela uste baitu.


Uste horrek egiten du ulergarri bere buruaz beste egitea emaztea erail ondoren. Zertarako bizi! Ezerk ez du zentzurik dagoeneko. Bakardadeari beldurra dio eta, posesioa galdu duenez, lotsa.


Bakardadea eta lotsa ere badaude emakume sumisoaren jarreran. Bakardadeari beldurra dionez, bikote txarra nahiago du bikoterik ez edukitzea baino. Lotsa ere badu, ez soilik agerian geldituko delako nolako tratua jasan duen etxean. Lotsa da, batez ere, jendeak jakingo duelako nolakoa den beraren gizona; ezin izango du, honezkero, haren portaera zuritu.


Beldurrak eta lotsak iraunarazi egiten dute aspaldi hautsi behar ziren bikoteak (eta miseria ekonomikoak, eta azpiegitura ezak, eta erlijio zanpatzaileek…). Beldurra, alternatiba ez delako oso erakargarria; nahiz eta gizonezkoak ezer gutxi aportatu bikoteari, simetria formala mantentzeko balio du. Lotsa, begi bistan geldituko direlako ordura arte etxeko lau hormetan baino gertatzen ez ziren ezintasunak, hitz latzak, isilune ankerrak, distirarik gabeko begiradak.


Banaketa porrota da, proiektuak huts egin duelako seinale, errakuntza baten zantzua. Beldurra eta lotsa sorrarazten ditu eta, batzuetan, heriotza.

> Elkarrizketa: Atsegin Odriozola · Eva Aiertza > "JENDEARI ORAINDIK EZ ZAIO BURUAN SARTZEN ARRAUNEAN IBILTZEN GARELA"

  • Atsegin Odriozola eta Eva Aiertza · Zumaia-Getaria traineruko arraunlariak
  • «Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen arraunean ibiltzen garela»
  • Joan den astean Gizpuzkoako txapeldun izan ziren, eta bihar estreinakoz antolatu den emakumezkoen Euskadiko Txapelketan ariko dira
  • Aiertza: «Batzuek trabak jarri eta gustatu ez zaizkigun komentarioak egin dituzte»
  • Odriozola: «Orain arte, gizonezkoek zuten jarraikortasun hori ez geneukan emakumeok»
  • Urola Kostako Hitza, 2008-07-30 # Aritz Mutiozabal

Gipuzkoako bandera lortu ondoren, Zumaia-Getariako trainerua Euskadiko Txapelketa irabazten saiatuko da bihar eguerdian Lekeition, 12:00etatik aurrera. Denboraldi hasiera bikainaren aurrean, Zumaiako Arraun Taldeko kide Atsegin Odriozola (Zestoa, 1991) eta Getariako Arraun Taldeko kide Eva Aiertza (Orio, 1989) talde berriaren bilakaeraz eta euren ilusioez aritu dira.


Bateletan eta trainerilletan badaramazue hainbat urte. Bazen garaia trainerua ateratzekoa, ezta?

Odriozola, Atsegin: Dudarik gabe.
Aiertza, Eva: Lehendik ere saiakera bat egin zen, baina estropada batzuk soilik jokatu genituen Urola Kostaren izenean. Zumaia-Getaria taldea osatzen dugun arraunlari batzuk bertan ibili ginen.
Baina estropada solteak baino ez ziren izan.
A.O.: Ez zen orain bezala izan. Aurten, behintzat, txapelketa batzuk finkatu dituzte.


Mementoz, hiru estropada antolatu dituzte: Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketa eta Kontxako Bandera.
A.O.: Hiru estropada horiek finkatuta daude. Gero, beste pare bat estropada ere antolatu nahi dituztela aipatu dute. Abuztuan zehar izango dira, baina oraindik zehazteko dago guztia.


Duela hiru aste elkartu eta hasi zineten entrenamenduekin, eta hasi eta berehala Gipuzkoako txapeldun izan zarete. Elkar ulertu duzuen seinale?
A.O.: Guztiok trainerilletan ibilitakoak gara; gainera, Getaria eta Zumaia bakarrik ibili gara aurten trainerilletako ligan Gipuzkoan. Horrek ere lagundu egiten du. Lehenengo egunak gogorrak izan ziren, baina pixkanaka neurria hartuz goaz.
E.A.: Ni Getariako arraun taldeko arraunlaria naiz, baina Oriotik nator. Talde batetik bestera aldatu egiten da arraunean egiteko modua eta orain, bi taldek bat egin dugunean, elkar ezagutu behar izan dugu. Izan ere, guztiok dakigu arraunean, baina guztiok ezberdin. Hori gainditzeko lan asko egin behar izan dugu.
A.O.: Bateletan-eta hiru hilabete izaten dugu entrenatzeko… Baina Gipuzkoako Txapelketa bat-batean etorri zaigu.


Baina prestaketa handiena aurretik eginda izango zenuten.
E.A.: Bai, baina ez da horren erraza izan. Taldea osatzeko zailtasuna genuenez, arrauna utzita zeukaten jendea itzuli egin da eta beraientzat gogorra izan da; eta, batik bat, hasi eta bi astera lehen estropada jokatzea.


Hasi bezain pronto, Gipuzkoako txapeldun. Espero al zenuten?

A.O.: Lor genezakela zioten arren, ez genuen sinetsi nahi. Oinak lurrean genituela joan ginen Donostiara, eta ahalik eta hobekien egiten saiatu ginen. Estropada irabazi eta Gipuzkoako txapeldun atera ginen arren, ez ginen oso gustura geratu egindako lanarekin. Hobeto egin genezakeen.
E.A.: Gipuzkoako Txapelketako estropada jokatu aurretik, lehen postuan edo azken postuan geratu gintezkela pentsatu nuen. Gainerako taldeen aurka inoiz lehiatu ez ginenez, ez geneukan erreferentziarik. Beraz, gure lana egitera joan ginen.


Eta Euskadiko Txapelketarako prest al zaudete?
A.O.: Lan txukuna egiten ahaleginduko gara. Kasu honetan, Gipuzkoan lehiatutakoez gain, Bizkaiko Arkote taldea ere ariko da.


Ezberdina al da bateletan edo traineriletan aritzetik traineruan aritzera pasatzea?

A.O.: Arraunketa oso ezberdina da batelean edo traineru batean.
E.A.: Pertsona kopurua handitu egiten da. Esaterako, batelean 6 lagunek egiten duten arraun eta traineruan, berriz, 14k. Guztiok batera aritze hori zailagoa da.
A.O.: Arraunketa luzeagoa da eta ziabogak eurak ere gogorragoak dira. Bateletan erraz ematen duzu buelta, baina 200 kiloko ontzi batekin gehiago kostatzen da.


Bi elkarteen artean hitz egin zenuten taldea osatzeko orduan; Zumaiaren eta Getariaren artean, alegia. Nola izan zen kontua?
A.O.: Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioen arteko estropada jokatu genuen Zaragozan, eta bertan Kontxa jokatzeko aukera izango ote zen txutxumutxuak entzun genituen. Hondarribitarrei bertan aritzeko gonbidapen moduko bat eman zietenez, guk ere taldea atera genezakeela pentsatu genuen.
E.A.: Herri bakoitzako taldeak bakarka trainerurik osatzen ez genuenez, indarrak batzea erabaki genuen.


Egun Kontxako Bandera da estropadarik preziatuena. Emakumezkoentzat ere hala al da? E.A.: Oraindik gehiago agian, jokatzen den lehen aldia dela kontuan izanda. Izan ere, gure jardunari ez diote horrenbesteko garrantzirik ematen; oihartzun gutxiago dugu. Gure ohiko denboraldia neguan jokatzen da, batelekin eta trainerillekin, eta jendeari arraroa iruditzen zaio otsailean estropadak izatea. Beraientzat estropadak traineruenak dira, udan jokatzen direnak.
A.O.: Jendeari oraindik ez zaio buruan sartzen emakumezkoak ere arraunean aritzen garela.


Nolakoa izango da lehenengo Kontxako Estropada hori?
E.A.: Oraindik ez dakigu oso ongi, baina badirudi ez dugula igandean jokatuko, larunbatean baizik. Antza denez, tradizioa puskatzea omen da. Iritzi asko daude, baina nik uste dut tradizio batzuk puskatu egin behar direla, horiek justu-justuak ez badira.
A.O.: Hirugarren txanda bat jarri nahian urte asko daramate, baina ez dute lortu. Orduan, emakumezkoen txanda bat jartzea ez dute egokia ikusten.
E.A.: Traineru batzuk kexatu egingo direla diote. Izan ere, gu lehian ari garenean, gizonezkoek ezingo omen lukete beroketak egin.
A.O.: Lehen urtea izanda, gehiegi ere ezin dugu eskatu. Behintzat tradizio berri bat sortuko dugu, larunbateko Kontxarena.


Herria girotzen hasi al da zuekin?
A.O.: Bai. Herritarrak begira geratzen zaizkigu, ea zer moduz ari garen ikusten. Baina ohituta daude, urte osoan ikusten baikaituzte entrenatzen.
E.A.: Kanpotarrak paseatzera etortzen direnean moilara eta arraunean ikusten gaituztenean, harritu egiten dira. Are gehiago neskak garela konturatzen direnean. Argazki kamera ateratzen dute berehala.


Emakumezkoen arraunean normalizazio bat emateko aurrerapauso bat al da honakoa?
A.O.: Aurrerapauso handia da!
E.A.: Bai, baina normalizazioa ez dago gugan bakarrik. Gizarteak arruntasun osoz barneratu behar du emakumeok arraunean aritzen garela. Batzuek, ordea, oztopoak jartzen dizkigute edo gehiegi gustatzen ez zaizkigun komentarioak ere entzun ahal izan ditugu. Gizonezko arranaularientzat Kontxa da estropada preziatuena, eta gu arraunlariak garen aldetik, zergatik ezin dugu bertan parte hartu, emakumeak garelako?


Oraindik gizonezkoen kirola al da arrauna?

A.O.: Emakumeak aspalditik ari gara arraunean, baina ez da entzutera eman, futbolean edo eskubaloian bezala. Orduan, jendeari oraindik arraroa egiten zaio.


Zuen jardunak jarraikortasuna izan dezan, zein pauso eman beharko lirateke?
A.O.: Jubenilak arte emakumeak arraunean inolako arazorik gabe aritzen ziren, baina ondoren trainerurik ez zegoenez, askok utzi egin behar izaten zuten. Guk orain arte ez geneukan gizonezkoek zuten jarraikortasun hori.
E.A.: Ikasketek asko baldintzatu dute emakumeen jarraikortasuna.


Datorren denboraldiari begira, emakumeen arrauna indartzen joango dela esan al genezake?

A.O.: Badirudi segida bat izango duela. Guk behintzat itxaropen hori dugu! Ez genuke nahi abian jarri den hau bere horretan geratzea; batik bat, txapelketak antolatu eta gero. Gainera, komunikabideek bultzada handia eman digute, eta nahiko genuke hau guztia finkatzen eta sendotzen joatea. Gu jarraitzeko gogoz gaude.


Aurtengo dinamika jarraituz gero, posible al da datozen urtetan emakumezkoen traineru liga bat antolatzea?

E.A.: Gugatik balitz, posible izango litzateke…


Hori izango al litzateke normaltasun egoera batera iristeko azken pausoa?
A.O. eta E.A.: Bai!
E.A.: Hori eta gizonezkoek egiten duten distantzia bera egiteko aukera izatea… Gipuzkoako Txapelketan 2.800 metro egin genituen, trainerilletan baino gutxiago. Gizonezkoek bikoitza egiten dute eta guk berdintasuna nahi dugu, nahiz eta ibilbidea osatzeko denbora gehiago behar.
A.O.: Zaragozan ere gizonezkoek baino metro gutxiagoko distantzia jarri ziguten. Jakin badakigu gizonezkoek duten gorputza ez dugula eta ez garela profesionalak, baina normalizazio edo berdintasun batera iristeko, baldintza berak izan nahi ditugu.
E.A.: Betiere, gure gaitasuna kontuan hartuta!
A.O.: Ahal dugula erakutsi nahi dugu, zergatik ez?


Komunikabideek ere paper garrantzitsua beteko dute, ezta?
E.A.: Bai, baina bere arriskua izan dezake. Orain nobedadea denez, oihartzun dezente lortzen ari gara, baina gero isiltasuna etor daiteke.

> Iritzia: Josebe Egia > GAZTEAK, GURASOAK, SEXUA

  • Gazteak, gurasoak, sexua
  • Gara, 2008-06-02 # Josebe Egia

Nire ustez, pertsonei izugarri gustatzen zaigu sexua. Eta sexuari buruz hitz egitea ere bai. «Pertsonari» diodala azpimarratu nahi dut, badaezpada, batzuk emakumeei halako gauzek nazka ematen digutela eta, noski, gizonak baino askoz ere eratsuagoak garelako ustean bizi baitira oraindik.


Ez zen nire asmoa datorrenari buruz idaztea, baina ezin dut ekidin. Hiztegian «recatado» hitza begiratuta: «1. adj. begiratu, zuhur, arretatsu, neurritsu. 2. eratsu, zintzo, xume». Gure hizkuntzak genero markarik ez duenez -ez duena esan nahi ezin daitekeenik sexista izan-, ezin eskandaluzko ezer antzeman. Baina bakoitzarentzat jarritako adibideei ere tartea eskainiko diet, eta norberak atera ditzala ondorioak: «1. Tienes que ser más recatado en esas situaciones: begiratuago izan behar duzu egoera horietan. 2. Esa mujer lleva una vida muy recatada, sin excesos y modesta: Emakume horrek bizimodu eratsua darama, gehiegikeriarik gabekoa eta apala». XXI. mendean…


Ez sexua, ez sexuari buruz jakin-nahia ez da generoaren araberakoa. Hala egiaztatu dut joan den asteko artikuluagatik hainbat pertsona ezberdinek egindako galdera ikusita: zer zioten treneko neskek? Zer demontre, zehazki, esan zioten elkarri hain beldurtuta geratzeko artikulugilea eta ni?


Galdera egin didaten askoren seme-alabak nerabeak dira. Errealitate orokorra besterik ez da sexuaz ia edozeinekin hitz egin dezakegula, gure umeekin izan ezik, gure gurasoekin izan ezik.


Gurasoak beti guraso eta, dirudien arren, garai ezberdinekoak izatearekin zerikusirik ez duten bi ezaugarri komunekin: batetik, seme-alabek pentsatzen, sentitzen eta egiten dutenaren inguruko ideiarik eza, irakasleek, sexologoek, psikologoek, hezitzaileek… baieztatzen dutenez. «Dena kontatzeko irrikaz etortzen dira, entzunak izateko gogo biziarekin». Bestetik, norberaren umeak «hori» egiten ez duelako sinesmen tinkoa.


Baina gazteek sexuaz zer eta nola esaten duten gazteei beraei entzuteak gaia nola bizi eta garatzen duten jakiteko ideia garbia ematen digu eta haien behar errealak konprenitzen eta artatzen laguntzen digu, hezteko bidea markatzen, epaitzen edo ez ikustearenak egiten jardun barik.


Egungo nerabeek historiako belaunaldirik informatuena eratu arren, nahi gabeko haurdunaldiek gora egiten dute; ondorioz, abortuek, biharamuneko pilularen erabilerak ere bai. Azken honi buruz berri pozgarria izan dugu. Ezin gauza bera esan abortuaz, injustua, garestia, tabua eta hipokrisiaz beteriko gaia izaten jarraitzen duena.


Frogatuta dago gazteak gero eta lehenago hasten direla, gehiagotan eta pertsona ezberdin gehiagorekin egiten dutela, neskek eta mutilek. Orain, bakoitzak nola bizi duen aztertuta, mutilen helburua koitoa, neska bakoitza trofeo bat; neskentzat, ordea, puta edo emakume erraz gisa ezaguna izateko arriskua, plazerrik ez sentitzeko frustrazioa, haurdun geratzeko beldurra, ezetz esateko lotsa, mutila beste batekin joatearen ezinegona… Neskentzat haurdunaldia, abortua, biharamuneko pilula.


Gure semeek eta gure alabek «hori guztia» egiten dute. Hortaz, treneko neskak zertaz ari ziren jakin nahi duenak, galde diezaiola bereari.

> Iritzia: Laura Mintegi > KOPURUA EZ, TAMAINA

  • Kopurua ez, tamaina
  • Gara, 2008-05-22 # Laura Mintegi · Idazlea

Orain, egunero, ezuste ederrak ematen dizkigu prentsak. Urtero izen berriak, lan berriak, asmo berriak, ikuskera berriak


Hamaika gehi berrogei. Berrogeita hamaika (51), hain zuzen ere. Ezin kontatu Begoña Bilbao, zoritxarrez. Berrogeita hamaika emakume idazle 2008an.


Urrun gelditzen da Juanito San Martinek 1975. urtean ematen zuen zerrenda. Garaiko artikulu batean esaten zion Mari Karmen Garmendiari emakume gutxiegi jarri zituela idazleen zerrendan («Hegats»en argitaraturiko artikulu batean), hiru baino ez; hirurogeiko zerrenda batetik hiru emakume idazle soilik eta, gainera, hiru horietariko bat ez zela emakumea, gizonezkoa zela ziotson San Martinek. Juanitok izen hauek eskaini zituen orduan, 1975 urrun hartan: Milia Lasturko eta bere ahizpa, Santxa Hortiz, Maria Balda, Oxanda Gabiola, Santxa Otxoa Ozaetakoa, Luisa Miserikordiakoa, Bizenta Antonia Mogel, Rosario Artola, Rosa Bustintza, Julene Azpeitia, Tene Mujika, Marie Ariztiasaratarra, Mariejane Minaberry, Lourdes Iriondo eta, amaitzeko, Amaia Lasa eta Arantxa Urretabizkaia aipatu zituen. Hamazazpi emakume idazle euskal literaturaren historia osoan.


Kanpoan utzi zituen, hala ere, Katariñe Eleizegi, Sorne Unzueta, Mayi Ariztia, Alosko Usoa, Mayi Pelot, Henriette Aire, eta izenik ere ez dutenak: Butroeko Gómez Gonzálezen alaba edo Oroko Peru Gartziaren ahizpa.


Hogeita bat urte geroago Linda Whitek izugarri luzatu zuen zerrenda. Hirurehun emakume idazle, euskal literaturaren historian. «Emakumeen Hitzak Euskaraz: Basque Women Writers of the Twentieth Century» liburuan emandako datuek harritu gintuzten 1996an. Kalkulua egiteko erabili zuen irizpidea erraza zen: gizonezkoak zenbatzeko Villasantek erabili zuen irizpide bera. Beraz, ezin kanpoan utzi liburu bakarra zutenak, edo itzultzaileak, edo haur literaturan jardun zutenak edo artikulugileak.


Orain egunero ezuste ederrak ematen dizkigu prentsak. Urtero izen berriak, lan berriak, asmo berriak, ikuskera berriak. Azkena Garazi Goia izan da. Aurrekoa Irati Elorrieta. Orain ez asko ezagutu genituen Irati Jimenez, Uxue Alberdi, Uxue Apaolaza, eta beste hainbat.


2008an hamaika eta berrogei, berrogeita hamaika izen aipa daitezke: Uxue Alberdi, Nagore Amundarain, Uxue Apaolaza, Anuntxi Arana, Nora Arbelbide, Aurelia Arkotxa, Ainhoa Arozena, Yolanda Arrieta, Aintzane Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Arrate Egaña, Irati Elorrieta, Amaia Elosegi, Inma Errea, Idoia Etxebarria, Ixabel Etxeberria, Enkarni Genua, Aitzpea Goenaga, Garazi Goia, Sonia González, Maite González Esnal, Lierni Ibargutxi, Aitxus Iñarra, Tere Irastortza, Arantza Iturbe, Amaia Iturbide, Karmele Jaio, Irati Jimenez, Pili Kaltzada, Mariasun Landa, Goizalde Landabaso, Yolanda Larreategi, Amaia Lasa, Gemma Lasarte, Itziar Madina, Eukene Martin, Laida Martínez, Miren Agur Meabe, Amaia Mendoza, Isabel Millet, Esther Mugertza, Jasone Osoro, Ixiar Rozas, Maripi Solbes, Castillo Suárez, Maribi Unamuno, Edurne Urkiola, Ana Urkitza, Arantxa Urretabizkaia, Itziar Zubizarreta.


Kopurua ez da garrantzitsua. Tamaina bai ordea.