• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Berria: Abenduak 1 > XINGOLA GORRIAK, EZ AHAZTEKO

  • Xingola gorriak, ez ahazteko
  • Hiesaren aurkako egunean zenbait jarduera egin dituzte
  • Irutxuloko Hitza, 2008-12-02

Eguraldiak ez zuen batere lagundu, eta hori dela-eta, Bulebarreko arkupeetan jarri behar izan zituzten beren mahaiak Ehgam eta Acasgi elkarteetako kideek. Eguerdian informazioa banatzen aritu ziren. Informazioaz gain, kondoiak eman zizkieten mahaira hurbildu zirenei. Eta nola ez, hiesaren aurkako egunaren ikurra, xingola gorria ere, banatu zuten. Eguraldi txarra egin bazuen ere, material asko eman zuten elkarteok. Gehituk Bretxan jarri zuen karpa eta clown-ikuskizun baten bidez hiesaz ohartarazi zituen inguru horretan zebiltzan herritarrak. Arratsaldean elkarretaratzea egin zuten Egian, Teresa de Calkuta plazan.


Joan den astean hiesaren aurka atzo egin beharreko jardueren berri ematean Gehitu, Ehgam eta Acasgi elkarteetako kideek dei egin zieten erakundeei, krisiak krisi, osasun arloari bideratu beharreko dirua ez gutxitzeko. Hain zuzen ere, ildo horretatik jo zuen atzo Rafaela Romero Batzar Nagusietako presideneteak. Ikerketa lanekin eta prebentzioan eragiten duten hezkuntza programekin jarraitu behar dela nabarmendu du Romerok. GIBa -Giza Immunoeskasiaren Birusa- 700 gipuzkoarrek dutela azpimarratu du Batzar Nagusietako presidenteak eta «katastrofe hori» gelditu behar dela erantsi du.


Prebentzioa izan da aurtengo abenduaren 1aren aurreko egunetan gehien entzun den hitza. GIB birusak kutsatutakoez gain, sifili edo gonokozia kasuek gora egin izana oso kezkagarritzat jo dute, gaixotasun horiek azken finean hiesa bera ezkutatzen dutelako. Hain zuzen ere, prebentzioan eragiteko, otsailetik aurrera GIBaren froga botiketan doanegin ahal izango dela iragarri dute. Gipuzkoako sei botiketan egin ahal izango da, hain justu.

  • David Brun · Acasgi elkarteko kidea
  • «Ez dago erlaxatzerik; hiesak hor darrai»

Gehitu, Ehgam, Acasgi… Hainbat elkartetako kideak aritu ziren atzo Hiesaren inguruko informazioa, xingola gorriak eta preserbatiboak banatzen atzo. Acasgi Hiesaren Aurkako Gipuzkoako Herritar Taldea da, eta Groseko David Brun talde horretako kide da.


Hiesaren kontrako eguna kontzientziazio eguna al da?

Ez. Egun bakar batean ez dago kontzientziatzerik. Hemen gaudela esan nahi diogu jendeari, hiesa denborarekin aldatzen doan pandemia dela; egia da botikak agertu direla, baina era berean gaixotasunak botikei iskin egiten die denboraren podeioz


Hiesa duten herritarren kopuruari buruz kezkatzeko moduko datuak eman dituzue elkarteek.
Mundu guztiak du informazioa, baina gero… Hiesak ez du eragina bakarrik garapen bidean dauden herrialdeetan.


Zer aholku emango zenieke herritarrei?

Ez dezatela pentsa bereziak direla eta gaixotasuna ezin dela haiengana iritsi. 25 urte dira hiesa agertu zela eta denboraren poderioz, batez ere hedabideetan etengabe ez dagoelako hainbatek ez dio beldurrik; hala ere, arriskuak bere horretan darrai. Ez dago erlaxatzerik.

> Laburrak: Trans > TRANSEXUALEN ESKUBIDEEN ALDEKO BILKURA DEITU DUTE

  • Transexualen eskubideen aldeko bilkura deitu dute
  • Irutxuloko Hitza, 2008-10-11


KONTZENTRAZIOA Transexualen eta intersexualen eskubideak bermatzeko eta zenbait eskubide eskatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur Bulebarrean, 18:00etan. Genero Distrofia izenekoa gaixotasun mental gisa desager dadila eta tratamendu hormonal eta ebakuntza askeak tutoretza sikiatrikorik gabe eskatuko ditu Ehgamek gaurko kontzentrazioan.


  • [Orijinalean Egham agertu zen]

> Berria: Ekainak 28 > EKAINAK 28A, BERDINTASUNAREN ALDE EGITEKO EZINBESTEKOA DATA

  • Ekainaren 28a, berdintasunaren alde egiteko ezinbesteko data
  • Manifestazioa: Jende andana bildu da Donostian Nazioarteko Harrotasunaren Eguna ospatzeko
  • Irutxuloko Hitza, 2008-06-29 # Nerea Lizarralde


Hemen gaude ez gara ezkutatzen, Askatasun sexuala edo Homosexualitatea kalera izan ziren manifestarien artean entzundako lelo eta aldarrikapenak. Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Nazioarteko Harrotasunaren Eguna izan zen atzo eta ohi bezala manifestazioa egiten zuten hiriko kaleetan. EHGAM, MEDEAK eta Gehitu taldeek deitu zuten manifestaziora.


Aldarrikapenak eta festak bat egin zuten. Jai giroan atera ziren Bulebarretik arratsaldean eta Erdialdeko kaleetan zehar ibili ziren. Heterosexismoaren aurka intsumisioa eta Lesbianak ikusgai eta askotarikoak izan ziren lelo nagusiak. Pankartaren atzealdean Gay, Lesbiana eta Transexualen bandera erraldoia eraman zuten. Musika eta festa giroa batukadak eta karroza batek jarri zuten.


Aurten Lesbiana Feministen taldeari errekonozimendua egin diote, gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko borrokan aitzindariak izateagatik. «Heterosexismoa guretzako piramide itxurako egitura sexual bat da eta bertan heterosexualek dute nagusitasuna. Ezkontza monogamoak, familia nuklearra… Kanpoan geratzen dira beste sexualitate gutxituak, homosexualak, lesbianak, transexualak, sadomasokismoa… Guk aldaketa eskatzen dugu eta hezkuntzatik abiatu behar gara», adierazi zuen Mikel Martin EHGAMeko kideak.


‘Lesbianak ikusgai eta askotarikoak’
Olga Alarcon Gehituko presidenteak ere taldearen aldarrikapenak plazaratu zituen: «Berdintasun legala lortu genuen duela bi urte eta izugarrizko aurrerapena izan zen. Halere, aurrera egin nahi dugu, oraindik asko falta delako. Mota askotakoak garela eta ikusgai izan nahi dugula adierazi nahi diogu gizarteari. Emakumearen berdintasuna, hezkuntza…». Hamaika arlotan eragin behar dutela gaineratu zuen Alarconek. «Herri txikietan, hiriekin alderatuz gero egoera zailagoak ditugu eta hortan ere lan egin dugu».

Bilgune Feminista, aldarrikapenarekin bat
Bilgune Feministak ere bat egin zuen Harrotasun Egunarekin, eta «norberaren sexualitatea ukatu gabe, aukeratzeko eskubidea» aldarrikatu zuten. «Sexualitate homogeniko bakarraren ondorioa da emakume lesbianon ikusezintasuna», adierazi zuten Bilgune Feministako kideek. Heziketak, kulturak eta komunikabideek zabaltzen duten lesbianen irudia salatu zuten: «Itsusia, gaizki zaindua… Gure autoestimuan zuzenean eragiten duten estereotipo faltsuak sortzeaz gain, espazio sozialetik baztertzea areagotzen du».

> Berria: Ekainak 28 > DONOSTIA: BERDINTASUNA ALDARRI HARROTASUNEZ

  • Berdintasuna aldarri harrotasunez
  • ‘Heterosexismoaren aurka, intsumisioa’ eta ‘Lesbiana ikusgaiak eta askotarikoak’ leloek gidatuko dute gaur, homosexualen harrotasunaren egunean egitekoa den manifestazioa.
  • Irutxuloko Hitza, 2008-06-28 # Mikel Goñi

Gaur, ekainaren 28an gay, lesbiana, transexual eta bisexualen harrotasuna aldarrikatzen ari dira munduko bazter askotan. Donostian ere, manifestazioa eta festa izango dira gaur, kaleko aldarrikapena arratsaldeko 20:00etan irtengo da Bulebarretik eta jaia berriz, Egia kultur etxean gaueko 23:30etan hasiko da.


Bi ekimen horien atzean hirian errotuta dauden hiru talde daude, hain zuzen, Gehitu, EHGAM eta Medeak taldeak dira gaurko ekitaldiarekin bukatzen den hilabete osoko ekimenen segidaren arduradunak. Ekimenek Udalaren babesa dute.


Deialdi bat, bi lelo
Manifestaziorako deialdia bateratua izanik ere, bi lelo ezberdin erabiliko dituzte. EHGAM-eko kidea den Julen Zabalak bere taldeak Heterosexismoaren aurka, intsumisioa aukeratzeko arrazoiak azaldu dizkio IRUTXULOKO HITZARI, «legezko normalizaziora iritsi gara, gutxi gora behera. Baina, orain arazoa da sexismoa, batez ere, heterosexismoa. Hori ez da heterosexualei kritika, sexismoari egindakoa baizik».


Bestalde, Gehituk Lesbianak ikusgai eta askotarikoak leloa zabaldu nahi du gaurko manifestazioan. Izan ere, mugimendu hau kezkatzen duen auzietako bat da lesbianek alor publikoan duten pisu txikia da.


Horren aurrean, Koldobike Mujikak, Gehituko koordinatzaileak, lesbianen kolektiboak, erakundeek eta banakoek hartu beharreko hiru neurriren berri eman zuen. Batetik, lesbianek beraiek lasaitasunez publikoan azaltzeko erronkari heldu behar diote. Jarraitzeko, erakunde publikoek berdintasun politikak garatzean lesbianen egoera ere kontuan hartu behar dute. Azkenik, ikusgaitasunaren garratzia nabarmentzea.


Eremu publikoan gertatzen den lesbianen ikusgaitasun ezaren adibidetzat jo dute Gehituk urtero ematen duen Gehitu Zilar saria emateko emakume lesbiana bat bilatzeko zailtasuna . Hori dela eta, aurten Jesus Vazquez telebista aurkezleari emango diote. Aurkezleak normalizazioaren bidean egindako lana saritu nahi du Gehituk.

Udalari gazi eta gozo
Gaurko ekitaldiak babesteak ekarri dio udalari homosexualen elkarteen oniritzia. Hala ere, alderdi ezkorra aipatzeko garaian, EHGAMek kritikatu egin du Udalak joan den hilabetean argitaratu zuen gay, lesbiana eta transexualeei zuzendutako turismo gida. Julen Zabala antiguarrak azaltzen duenez, «kontsumoa eta turismo berezia zabaltzeko ideiaren kontra gaude, kontsumismoaren kontra. Izan ere, gure elkartearen leloetako bat “Ez gaude salgay” baita».

Ekainaren 28aren bilakaera
Ia 40 urte pasa dira New York-en homosexualen harrotasunari eguna eskaintzen hasi zitzaizkionetik. Donostian, berriz, 1979an egin zen lehen mobilizazioa «egun gutxi batzuk lehenago Errenteria-Oreretako Apolo diskotekan homoxesual bat hil zuten eta horren kontra deitu zen lehengo manifestazioa», gogoratzen du Koldobike Mujikak, eta jarraitzen du «ordutik gauzak asko aldatu dira. Hasierako urte horietan, esaterako, ETBkoek elkarrizketa egin ziguten Gladys-enean, eta gu, lesbianok kamarari bizkarra emanez hitz egin genuen». Parte hartzea ere aldatu da Mujikaren aburuz, «hasieran jendetsuagoak ziren, hildakoek beti hunkitzen zaituztetelako, horretaz gain, espaloietan begira zegoen jendetza ere handiagoa zen».

> Berria: Ekainak 28 > DONOSTIA: SEXU BERDINTASUN ESKUBIDEAK EXIJITZEKO MANIFESTAZIOA

  • Sexu berdintasun eskubideak exijitzeko manifestazioa
  • Berdintasuna: Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa egingo dute hilaren 28an
  • Irutxuloko Hitza, 2008-06-19 # Erredakzioa

Ekainaren 28a da Lesbiana, Gay Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Eguna. Gizartearen aurrean ezkutuan ibili behar ez izateko manifestazioa antolatu dute egun horretarako, 20:00etatik aurrera Bulebarretik abiatuta. Lesbianek gizartean dituzten trabak agerian utzi nahi ditu Gehituk. EHGAM eta Medeak elkarteek ere manifestazioarekin bat egingo dute. EHGAMek manifestazioan aldarrikatuko duen goiburua Heterosexismoaren aurka insumisioa izango da.


Gehituk, bestalde, hilaren 22an zine emanaldia eta 27rako literatura topaketa antolatu du elkartearen egoitzan.

> Berria: Erakusketak > EHGAMEK ANTOLATUTAKO ERAKUSKETA: AIPU TXARREN GALERIA

  • Aipu txarren galeria
  • Erakusketa: Lugaritz kultur etxean maiatzaren 20a arte ikusgai izango da EHGAMek antolatutako erakusketa
  • Irutxuloko Hitza, 2008-05-08 # Maitane Aldanondo

Gorroto beraren aurpegi desberdinak. Matxismoa, heterosexismoa, lesbofobia, homofobia eta transfobia. Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak(EHGAM)ek erakusketa, katalogo eta webgune batean jaso ditu hauen adierazgarri diren 100 bat kasu. Historiako garai desberdinetan emandako gertaera eta adierazpenak, medioetan oihartzun handia izan zutenak batzuk eta ezezagunagoak besteak.


Hilabete honen 17an ospatzen den Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren Nazioarteko Egunarekin bat egin nahi du EHGAMek, gay, lesbiana eta gizon nahiz emakume transexualen eskubideak defendatuz. Modu kronologikoan erakusten badira ere, gainontzekoekin lotutako gertaera independentea da irudi bakoitza.


Erakusketa gorrotoaren tipologiaren arabera edo 15 gai desberdinen arabera sailkatu daiteke. Iosif Stalin, Adolf Hitler, Francisco Franco, Augusto Pinochet…agintari eta politikariei eskainitako atalean hauek esandako eta egindako basakeriak bildu dira. Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia egungo gizartean emandako aldaketek sortzen dizkioten beldurrak adierazi zituen, «horrenbeste aldaketarekin bikote homosexual bat ikusiko dugu Koroan». Beste arlo sozialetakoak ere badira: RENFE, komunikabideak, Familiaren Espainiako Foroa…


Batzuetan agerikoa da baina beste batzuetan ezkutatuago dago iraina. 2003an, adibidez, Angel Acebes Espainiako Barne ministroa zela, Rocio Wanninkhoft-en erailketan susmagarri nagusia zen Dolores Vazquezi buruz «gaizkile profil sinesgarriena zuen: emakume hotz, gogor eta lesbiana» esan zuen. Joera sexuala gaixotasun edo trauma bilakatzen duenik ere bada. Aquilino Polainok esaterako homosexualak « aita alkoholiko eta liskartsu, eta ama babesleegi edo hotzek» heziak izatearen ondorioa dira».


Baina pertsona publikoen hitzez gain, kalean entzun eta esaten direnak ere jaso izanak agerian uzten du berdintasuna eta normaltasuna erdiesteko bide luzea egiteko dagoela.

> Berria: Erakusketak > GEHITUK 10. URTEURRENEKO ERAKUSKETA ZABALDU DU

  • Gehituk 10. urteurreneko erakusketa zabaldu du
  • Irutxuloko Hitza, 2007-11-23

Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkarteak hamar urte bete ditu aurten. Hori ospatzeko, erakusketa jarri dute Tabakaleran; bihartik abenduaren 8ra arte egongo da ikusgai. Besteak beste, bideoak, argazki historikoak eta berdintasunerako borrokan erabili dituzten sinboloak daude bertan. Hainbat ekitaldi ere egingo dituzte erakusketak iraun bitartean, Tabakaleran bertan. Esaterako, antzezlanak, musika emanaldiak edo Pirritx eta Porrotxen ikuskizun bat.

> Berria: Erakusketak > HOMOSEXUALITATEAREN "HISTORIA IKUSEZINA" AGERIAN

  • Homosexualitatearen «historia ikusezina» agerian
  • ‘Homosexualak historian’ erakusketan hainbat homosexual ospetsuren biografiak bildu ditu Gehitu elkarteak
  • Irutxuloko Hitza, 2007-06-28 # Nagore Irastorza

Gaur da Gay, Lesbiana eta Transexualen Nazioarteko eguna. Aldarrikapen egun honetan, beren eskubideak errespetatzeko eskatzen dute gay, lesbiana eta transexualen kolektiboek. Egun honekin bat eginez, historian barrena ezkutuan egon den homosexualitatea agertarazi nahi du Gehitu elkarteak. Horretarako, Homosexualak historian erakusketa antolatu du. Bertan, historiako hainbat homosexual ospetsuren biografiak bildu dituzte, 26 paneletan.


Koldobike Mujika eta Sergio Iñiguez Gehituko kideek erakusketaren nondik norakoak azaldu zituzten. Homosexualitatea normalizatzeko bidean erakusketa egitea interesgarria iruditu zitzaien. «Homosexualitatea ezkutuan gorde da historikoki, eta justizia egin nahi diogu ikusezina izan den egoera bati». Honekin batera, gazteek erreferentziak izatea eta gaia normalizatzea nahi dute. «Gazte horiek homosexualak badira, idazle edo musikariez gain, hainbat pertsona ospetsu homosexualak izan direla ikus dezaten nahi dugu».


Erakusketarekin ez dute homosexualitatea lau haizetara zabaldu nahi, «bere lekuan jarri baizik».

  • 26 panel
  • 13 emakumezko eta 13 gizonezkoen biografiak bildu dituzte erakusketan; Kristo aurreko VI. mendetik hasi eta gaur eguneraino. Safo poeta, San Agustin, Socrates, Oscar Wilde, Federico Garcia Lorca, Jacinto Benavente, Martina Navratilova edo Terenci Moix, besteak beste.
  • Pertsonaiak aukeratzeko orduan, hainbat zailtasun izan dituzte Gehitukoek. Esaterako, emakumeak aurkitzea zaila izan da «kultura ikuspuntu matxista batetik idatzia dagoelako». Bestetik, Erdi Aroko pertsonaia homosexualik ez dute topatu.
  • Erakusketa Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusian izango da ikusgai, ekainaren 18tik uztailaren 14 arte.

> Erreportajea: Ekainak 28 > EHGAMEK 30 URTE BETE DITU AURTEN: ASKAPENAREN ALDEKO BORROKA LUZEA

  • Askapenaren aldeko borroka luzea
  • EHGAMek 30 urte bete ditu aurten; gaur kalera aterako da beste hainbat elkarterekin batera
  • Irutxuloko Hitza, 2007-06-28 # Amaia Portugal

Ekainaren 28a izaki, beste behin ere, hainbat elkartek Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Harrotasunaren Eguna ospatuko dute gaur Donostian. Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua izango da horietako bat. EHGAMek 30 urte bete ditu aurten.


EHGAM 1977an jaio zen, nahiz eta bi urte geroago izan zen gertaera tamalgarri batek jarri zuen taldea benetan lanean. 1979ko ekainaren 10ean, mozkortuta zegoen Espainiako polizia batek Errenteria-Oreretako Francisco Vicente Vadillo Francis gaztea tiroka hil zuen, eta pertsona askoren kontzientzia piztu zuen horrek. Gipuzkoako EHGAMeko kide Mikel Martin Konderen arabera, «Francis trabesti lanetan aritzen zen. Bere burua zen bezalakoa onartzen zuen, eta oso ezaguna zen herrian».


Gertaera hark jendea hunkitu zuen, eta asko kalera atera ziren protesta egitera. Haien artean, gay, lesbiana eta transexualen eskubideen aldeko talde jaioberri bat: EHGAM. Hemen gaude eta ez gara ezkutatzen edo Homosexualitatea kalera ziren taldearen aldarrikapenetako batzuk. Izan ere, aldarrikapenek garrantzia handia izan zuten garai hartan. «Isiltasuna hautsi genuen; lehen aldiz geuk hartu genuen hitza». Lehen urratsa emanda zegoen, eta EHGAMek gogor lan egiteari ekin zion. Kartelak, hitzaldiak, erakusketak…


Gainera, herriz herri ekitaldiak egin zituzten. Martinen hitzetan, «lehen jendea hiriburuetara joaten zen, herrietan gizarte kontrol handia zegoelako. Arazo hori konpontzeko, herrietara jo behar genuela erabaki genuen». Gizartea sentsibilizatzea zen helburua eta, bide batez, gay, lesbiana eta transexualen bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, eztabaidak ere antolatu zituzten: «Eguneroko esperientziak elkar trukatzen genituen, eta haietan oinarrituta, gure aldarrikapenak bideratzen genituen».


Ekitaldi ugari antolatzearekin nahikoa lan ez, eta EHGAMek beste arazo bati aurre egin behar izan zion 80ko hamarkada hasieran: legeztatzea. 1979tik aurrera, Espainiako Elkarteen Erregistroan sartzeko borrokan aritu ziren, eta lauzpabost urte behar izan zituzten helburua betetzeko. Dena dela, kalean onespena lortua zuten, eta horixe zen garrantzitsuena: «Legezko onarpena axola zitzaigun, baina ez horrenbeste».


Gay, lesbiana eta transexualen mugimenduaren hasierako urte korapilatsu haiek beren emaitza ekarri zuten. Atzera begiratuz gero, argi dago gauza batzuk onerako aldatu direla. Adibidez, EHGAMen eta antzeko taldeen lorpen handienetako bat 1979an homosexualitatea Espainiako Giza Arriskugarritasun Legetik kentzea izan zen. «Buelta eman zaio horri; gaur egun, homofobia zigortzen baita», dio Martinek. Era berean, mugimenduaren onarpena handiagoa da duela 25 urte baino. Horrek ere lagundu du, besteak beste, Espainiako Parlamentuak pertsona homosexualak ezkontzea ahalbidetzen duen legea onar zezan. Baita Genero Identitatearen Legea ere. Erakundeei dagokienez, aldaketa nabarmena izan da, Martinen hitzetan: «Euskal Herrian, 150 lagun inguru daude sexu aukerarengatik edozein arazo duenari laguntzeko prest».


Etorkizunera begira, hezkuntza da EHGAMen erronka nagusietako bat. Elkarteak eskoletan giza sexualitatea, bere osotasunean landu dadin nahi du. Eta hedabideei dagokienez, sexu aniztasunari ematen dioten tratamenduari ere «errepasoa» egin behar zaiola uste dute EHGAMen. Osakidetzari zuzendutako erronkak ere badituzte, EHGAMek sexu aldaketa egiteko ebakuntza serio har dezan eskatu baitio. Martinen iritziz, «asko hitz egin behar da oraindik, eta autokritika ere egin behar dugu. Ez dut uste dena ondo egin dugunik».


Festa Bulebarrean
Urtero bezala, ekainaren 28a dela eta, manifestazioa izango da gaur hainbat udalerritan; baita Donostian ere. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkarteek 19:30erako egin dute deialdia, Bulebarrean. Gainera, atzoz geroztik eta igandera arte, Kursaalak argiztapen berezia izango du. Izan ere, mugimenduok bere egin dituzten ostadarraren koloreek argiztatuko baitute gauez Zurriolako eraikina.


Gehituk ere, hamar urte aurten
Gehituk ere urteurren borobila du aurten. Izan ere, datorren urrian hamar urte beteko ditu elkarte honek. Hain zuzen ere, hamar urteotako bilakaerari dagokionez oso baikor agertu da Koldobike Mujika Gehituko kidea: «Positiboa izan da erabat».


«Kanpoko egoera ikusita beharrezkoa zelako hasi zen talde bat», azaldu du Jauregik, Gehituren sorrerari dagokionez. Hasieran taldean gizonezkoak besterik ez bazeuden ere, gero emakumezkoak ere sartu ziren, eta dezente, gainera: «Emakume asko dira bazkide orain».


Gizartean normalizazioa ematen ari dela dio Mujikak, eta legalki ere bidea egin da. Esaterako, Eusko Legebiltzarrean egin zen Izatezko Bikote Legearen onespena eta bikote homosexualak ezkontzea ahalbidetzeko Espainiako Parlamentuak aurrera ateratako legea azpimarratu ditu. «Horietan parte-hartze handia izan dugu».


Azkenaldian hainbat kanpaina ditu martxan Gehituk, elkartearen bilakaera positiboaren erakusgarri. Alde batetik, ikastetxeetan Hitz egin dezagun homosexualitateaz kanpaina egin zuten duela hilabete batzuk, eta orain balorazioa egiten ari dira. Era berean, 2005 urte bukaeran Lesgayzale kanpainari ekin zion. Donostian eta hainbat herritan, dendaz denda ibili eta atxikimendua eskatu dute kanpaina honen bitartez.


Kaldereroen konpartsa, Olentzero eta Santa Agedako abesbatzak, mendi irteerak… Hamar urteren ondoren, oso talde aktiboa da Gehitu.

> Berria: Ekainak 28 > ZILARREZKO GEHITU SARIA, AMNESTY INTERNATIONAL-I

  • Zilarrezko Gehitu Saria, Amnesty International-i
  • Datorren asteko ostegunean ospatuko dute Harrotasunaren Eguna
  • Irutxuloko Hitza, 2007-06-20 # A. Portugal


Urtero bezala, datorren ekainaren 28an gay, lesbiana, bisexual eta transexualen Harrotasunaren Eguna ospatuko du Gehituk, Bulebarretik abiatuko den manifestazioan. Egun hori beste hainbat ekitaldi egiteko baliatu dute; tartean, atzo Zilarrezko Gehitu Saria eman zioten Amnesty International erakundeari.


«Duen ibilbidea, oihartzuna eta ospea izanik, lesbiana, gay eta transexualen eskubideen aldeko borrokan sartu izana pauso garrantzitsua da». Horrela justifikatu zuten Amnesty Internationali emandako saria. Hain zuzen ere, Esteban Beltran erakundeko Espainiako zuzendariak jaso zuen atzo saria, arratsaldean Koldo Mitxelena kulturunean eman zuen hitzaldian.


Bestalde, ekainaren 28an Europa, atzera pausorik ez lelopean aterako dira Gehituko kideak kalera. Urteko errepasoari dagokionez, Koldobike Mujika Gehituko kidea pozik agertu zen, Espainiako Genero Nortasunaren Legea martxan jarri dutelako. Hala ere, egoera «gazi-gozoa» dela esan zuen Mujikak. Duela gutxi Aimar izeneko Hernaniko gazte transexual batek bere buruaz beste egin zuela esan zuen, «sexu aldaketa prozesua gainditzeko indarra falta izan zaiolako».


Osasun arloari dagokionez, Sergio Iñiguezek esan zuenez, «Euskadin atzean geratzen ari gara». Besteak beste, pertsona transexualen ebakuntzak Osakidetzaren baitan ez izatea salatu zuen. PPren jarrera, Poloniako auzia… oraindik asko dagoela egiteko esan zuten Gehituko bi kideek.


Abenduan, Donostian, Politika Lesbikoen III. jardunaldiak egingo dituztela ere iragarri zuten. 400 emakume lesbiana izango dira bertan.

  • Ekitaldiak
  • Ekainak 20, gaur. Administrazio publikoak gay eta lesbianen eskubideen defentsan. 19:00etan, Arrasate kaleko Kutxa aretoan.
  • Ekainak 23. Jaia. 23:30ean, Egiako kultur etxean.
  • Ekainak 28. Manifestazioa. 19:30ean, Bulebarrean.
  • Besteak
  • Erakusketa. Homosexualak historian. Alderdi Ederreko liburutegian, ekainaren 28tik uztailaren 14ra.
  • Kursaalaren argiztapena. Ekainaren 28tik uztailaren 1era.