• Páginas

  • Categorías

  • Archivos

> Komunikatua: EHGAM / Aldarte > TRANSEXUALITATEA DESIKIATRIZATZEAREN ALDEKO PLATAFORMA

  • TRANSEXUALITATEA DESIKIATRIZATZEAREN ALDEKO PLATAFORMA
  • EHGAM-DOK, 2008-12-02 # Jaime Mendia(EHGAM-BIZKAIA taldekoa) / Lala Mujika (ALDARTEko kidea)

1990eko maiatzaren 17an, Munduko Osasun Erakundeak (MOE) homosexualitatea atera zuen Nazioarteko Gaixotasunen eta beste Osasun- Arazoen Sailkapen Estatistikotik (CIE-9, oraingo CIE-10ren aurreko bertsioa). Erresuma Batuko gobernuak gauza bera egin zuen 1994an eta, ondoren, Errusiar Federazioko Osasun Ministerioak 1999an eta Txinako Psikiatria-Elkarteak 2001ean. Lehenago, APAk (Iparramerikako Psikiatria Elkartea) 1973an ebatzi zuen, aho batez, homosexualitatea ateratzea Buru-nahasteen Eskuliburu Diagnostikoaren bigarren edizioko (DSM-II, oraingo DSM-IV delakoaren aurreko bertsioetako bat) Desbideratze Sexualen ataletik.

Erabaki hauek, duda barik, aurrerapauso nabaria izan dira sexu-aniztasunaren aitortze-bidean, eta baita gay-lesbianen aitortze sozialarenean ere. Izan ere, inoiz zalantzan jarri beharko ez ziratekeen duintasun eta zilegitasun gizatiarrak lortu dituzte gay-lesbianek, buru-nahasteen tratatuetatik ateratze horien bidez.

Baina, askatasunaren eremuan eginiko aurrerapen hori beste zerbaitek mantsotzen du: transexualitateak buru-gaixotasunen zerrendotan dirau. CIE-10ean, adibidez, transexualtasuna nortasun sexualen nahasteen artean agertzen da F 64.0 goiburukoan eta, era berean, DSM-IVan ere agertzen da F 64.X kodearekin.

2012 urtean APA-k DSM-IV berrikusiko du, hori dela-eta nazioartean batzuk hasi dira eskatzen Genero Nortasun Nahasteak (GNN) DSM-IV zerrendatik atera ditzatela berrikuste horretan. Batzu horiek esten dute, lehenago homosexualitatearekin gertatu bezala, transexualitate eta transgenenerismoaren inguruan dauden ezjakintasuna, estigma eta aurreritzia direla buru-gaixotasunen zerrendan mantentzeko arrazoi bakarrak. Zientifikoki gaur ez dago esaterik transgenerismoa eta transexualitatea buru nahaste direla, lehenago homosexualitate eta lesbianismoarekin gertatzen zen modu berean.

GNN-ak buru-nahasteen zerrendatik behin-betiko ateratzeko plataforma bat sortzea da idazki hau sinatzen dugunon nahia. Hots, lehen aipaturiko berrikustean eskaera egitea. Jakin badakigu ateratze honek GNN-ak beste hainbat buru-gaixotasunen zerrendatatik (CIES , adibidez) ere ateratzea ekarriko duela. Hala gertatu zen homosexualitatearen kasuan.

Plataforma gune zabal eta anitza izatea da gura duguna, ateratze hori nahi duten lagunak biltzen dituena. Plataforma pertsonek osatua izatea pentsatu dugu, eta ez elkarte edo erakundeek, uste dugulako pertsonaren oinarrizko eskubidea dela buru-gaixotzat hartua ez izatea, izan nahi duena izateagatik eta, baita ere, pertsonok, eta ez elkarteek, konprometitzen garen neurrian, eskubide horren exijentziak indar hadiagoa izango duela pentsatzen dugulako.

Plataforma bultzatzen dugunok bertan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu eta funtzionamenduaz, lan-ildoez, partehartzaileer arteko koordinazioaz eta abarrez arituko garen bilera batera etortzeko deia egiten dizuegu.

Plataforma bultzatzen dugunok funtzionamenduaren alderdi batzuk jorratu ditugu, irekiak direnak eta abiapuntutzat erabili daitezeenak, nola funtzionatu nahi dugun pentsatzen hasteko. Ondoko hauek dira:

o Uste dugu Plataformaren lehetasuneko lana izan beharko zela transexualitatea, berez, gaixotasuna ez delako ideiaz gizartearen haibat sektore kontzientziatu eta sentsibilizatzea.
o Hiru ardatz izango lituzkeen oinarrizko lan-funtzionamendua proposatuko da eztabaidatzeko:

1. Kalea, politika eta komunikabideak.
2. Hezkuntza-unibertsitateak-kultura.
3. Buru-osunaren sektorea (psikiatrak, psikologoak, antropologoak, soziologoak…)

2008ko abenduaren 11rako proposatzen dizuegu bilera.